Autopsiak argitu duenez, buruan kolpe bortitz bat jota hil zuten Ignacio Pascual Hernandez. Ertzaintzako iturrien arabera, Pedro Muguruza kalean, Lagun enpresa egon zen lekuan, jaso zuen heriotza eragin zion kolpea 64 urteko gizasemeak. Konpresoreak konpontzen lan egiten zuten lau lagunek bertan, nahiz eta azken hilabeteetan bertan behera lagata zeukaten. Lau langileetako bat da, hain zuzen ere, atxilotuetako bat, Pedro Muguruza kaleko bizilaguna bera.
Lau hilabetez ikerketak egiten jardun ostean, hiru lagun atxilotu zituzten, abenduaren 2an, krimenak ikertzeko Ertzaintzak daukan unitateko agenteek. Azpeitiako epailearen aurrean deklaratu eta gero Martuteneko espetxean sartu dituzte dagoeneko.
Pascual hil eta gero, Azkoitiko Bide Gorri amildegira eraman zuten hilotza krimenaren egileek. Madarixa auzoan dago Bide-Gorri izeneko 100 metro sakoneko amildegi edo lezea, Azkarateko gaina eta Itziar lotzen dituen errepidearen ondoan. Cardedeu (Bartzelona) herriko hiru espeleologok aurkitu zuten Ignacio Pascualen hilotza joan zen abuztuaren 6an.
•Lotura duten albisteak:
- La víctima del crimen de la sima de Azkoitia fue rematada con un martillo (diariovasco.com)
- Tres detenidos por matar a un vecino de Erandio en junio (elcorreodigital.com)
*Argazkiak: Aitor Zabala