Donato eta Oihan Larretxea Arantzako aizkolariek sasoi betean daudela erakutsi zuten Ikastolako frontoian, domeka eguerdian, jokatu zen aizkora saioan. Aita-semeek 23 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko, Floren Nazabal txapeldun handiak eta Arkaitz Jauregik baino sei segundo gutxiago, alegia. Larretxeatarrek Jose Mari Olasagasti eta Jose Etxebeste igeldoarren aurka neurtuko dituzte indarrak, otsailaren 27an, Azpeitian jokatuko den Urrezko Aizkora txapelketaren finalean.
Bestalde, Zilarrezko Mailako finalerdiak ere jokatu ziren Ikastolako frontoian. Bertan, Mugerza anaiek, Aratzek eta Ugaitzek, lortu zuten finalerako txartela. Xabier Dorronsoro eta Aritz Irazabal hartu zituzten mendean, nagusitasun osoz, ia minutu bateko aldea atera baitzieten lehenengoek bigarrengoei. Mutrikuko anaiek Leitzako Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano bikotea izango dute aurrez aurre Azpeitian jokatuko den finalean.
∞Lotura duten albisteak:
*Argazkiak: Mikel Askasibar