Domeka goizaldeko ordu-biak jota zirenean jazo ziren gertakariak. Gizon batek, beste hiru gizonezkok eraso egin ziotela eta Elgoibarko erdiguneko taberna batean zeudela jakinarazi zion Eibarreko ertzain-etxeko patruila bati. Agenteak, gertatutakoa argitze aldera, tabernara bertaratu zirenean, hiru gizonetako batek plastikozko zenbait bilgarri lurrera bota zituela ikusi zuten, Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez. Gai zuri batez betetako zortzi bilgarri zirela baieztatu ostean, agenteek gaztea atxilotu egin zuten, osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzita. Urak ez ziren bere horretan baretu, ordea. Izan ere, hiru lagunetako beste batek, 21 urtekoa bera, “bere burua identifikatzeari uko egin zion behin eta berriz eta agenteetako bat jo zuen”; hortaz, hura ere atxilotu egin zuten, agintaritzaren agente baten aurkako atentatu delitua eta desobeditze-delitua egotzita.
Gertakarian nahasitako hirugarren gizonari ustezko lesio-falta bat egotzi diote, beste bi atxilotuei bezala. Erasoa jasan zuen gizonezkoa eta ertzaina anbulatorioan osatu zituzten.
∞Lotura duten albisteak: