Basomutilak Tximi enpresaren aldamenean eta Mokoroa baserriaren bidegurutze ondoan lanean ari zirenean bertara joan, eta bazterrak garbitzeko lanak geratzea lortu zutela adierazi dute Okil Beltzak taldeko kideek. “Ordurako, ordea, moztuta zeuzkaten zuhaitz mordoa: haritzak, arkaziak, haltzak, urritzak, lizarrak, erramuak eta gainontzeko landaredia guztia, batzuk oso zaharrak”.
Guztira 130 metro erreka-ertz “txikitu” dituztela salatu dute Elgoibar ekologikoagoa eta iraunkorrago baten alde lan egiteko asmoarekin sortu zen taldeko kideek. Euren esanetan, “Iberdrolak emandako planoetan ikusi genuen egin behar zituzten kaleen zabalerak 25 eta 60 metro artekoak zirela. Gu ikustean, botatakoa kamioian jaso eta alde egin zuten”.
Hurrengo egunean, otsailaren 18an, salaketa jarri zuten Elgoibarko bake epaitegian. “Delito ekologikoa egiteagatik eta derrigorrezkoak diren txosten eta baimenik gabe lanok egin dituztela-eta jarri dugu salaketa. Baita Mustela Lutreola bisoi europarra kudeatzeko planaren 8, 9, 10 eta 11 artikuluak urratzen dituztelako ere”. Iberdrolak naturarekiko erakutsitako “sentsibilitate eza” argitara ematea izan da euren asmoa, eta, ahal bada, “astakeri hau” geldiaraztea. Momentuz, bilatzen zutena lortu dutelakoan daude, “ez dira-eta berriz azaldu”.
•Salaketaren oinarria
Sallobente erreka ‘interes bereziko gunea’ dela argudiatzen du Okil Beltzak taldeak. “2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduaren bidez onartu zen Europako Bisoiaren kudeaketa plana. Agindu horren arabera, Sallobente erreka interes bereziko gunea da galzorian –hala jasota dago galzorian dauden espezien EAEko katalogoan- dagoen ugaztun honentzat. Animalion biziraupenerako ezinbestekoa den errekako ekosistema arriskuan jar dezaketen edozein jarduera egin aurretik, Foru Aldundiko Landa Inguruaren Garapenerako Departamenduak emandako baimena eskatu eta lortzea nahitaezkoa da”.
Aurreko guztia dela-eta, delitutzat har daitezkeen egitateen egiaztapenerako instrukzioa has dadila eskatzen dute, alegia, mendi, erreka eta bazterrak zaintzeko ardura dutenei euren eskariak aintzat hartzeko eta betearazteko eskatzen diete elgoibartarrok.
- ARGAZKIAK: Otsailaren 18an ateratako argazkiak PDFan (iturria: Okil Beltzak)
∞Lotura duten albisteak: