Energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak sustatzeko helburuarekin batu dituzte indarrak Elgoibarko Udalak eta Efitermik enpresak. Azken hauek, txosten moduko bat egingo dute interesa agertzen duten baserri eta landa eremuko etxebizitza bakoitzean. Erabiltzen duten energiaren inguruko ikerketa sakon eta zehatza izango da, eta, dituzten beharrak asetzeko, energia berriztagarri egokienaren berri ere emango diete etxejabeei. Berriztagarrien aldeko apustua egiteko prest agertuz gero, zenbateko inbertsioa egin beharko luketen ere azalduko dute txostenean. Baita horiek ezartzeko dirulaguntzak non eskuratu daitezkeen ere, besteak beste.
•350 euroko laguntzak
Energiaren gaineko ikerketa bakoitzak 350 euroko kostua dauka. Udalak eta Efitermik enpresak adostu duten akordioari esker, erdia Udalak ordainduko du eta beste erdia eskatzaileak. Momentuz, ikerketak 100 baserritan egiteko adina diru dago. Efitermikekoek Ermuaran-Sallobenten aurkeztuko dute proiektua aste honetan. Datozen asteetan aurkeztuko dute gainerako baserri auzoetan.