Herrizaingo Sailak bihar etxetik ez ateratzeko gomendioa egin die herritarrei, zapatu arratsaldean, ziklogenesi leherkorra iritsi daitekeela-eta. Haizeak 140 edo 150 km/h-ko abiadurara irits daitezke. Aurreikuspen horrekin, alerta gorria jarri du abian eta kanpoaldean egiten diren eskolako eta federatutako kirol ekitaldiak bertan behera utzi ditu. Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak bat egin du neurri horrekin eta Mintxetako Kirol Instalazioak itxita egongo dira zapatu goizean eta domeka goizean.
Horrez gain, Elgoibarko Gurutze Gorriak ohiko zerbitzuak bikoiztu egingo ditu, hainbat gomendio eman ditu, astebururako iragarri duten haize bortitzaren aurrean babesteko:
- Ate, leiho eta toldoak itxi.
- Lorontziak eta kalera erori daitezkeen gauza guztiak kendu balkoietatik.
- Aldamio, garabi eta obrako beste elementu guztiak ondo lotu.
- Horma, zuhaitz edo publizitate panelen ondotik urrundu, eta kontuz ibili obretan dauden eraikinen ondotik pasatzean.
- Linterna prest eduki etxean, argia joaten bada arazorik ez izateko.
- Edozein larrialdi izanez gero, 112 zenbakira deitu.