200 urteko intxaur-arbola bota du haizeak Kurutzalegi baserrian

elgoibarren.net 2010ko mar. 1a, 14:08

Xinthia ziklogenesiak ez du arrasto gehiegirik laga, zorionez, gurean. Haizete bortitzek botatako zuhaitzak izan dira kalterik aipagarriena. Idotorbe bailarako Kurutzalegi baserrian susto ederra hartu zuten 200 urte inguruko intxaur arbola ia teilatu gainera erori zitzaienean. Mendaron, Santa Anako pagoa izan da baja nagusia. Zapatu iluntzean argia ere joan zen herriko hainbat etxetan.
Elgoibartar bat larri zaurituta: Kalte materialak baino larriagoa izan da elgoibartar batek haizearen ondorioz Ap-1 autobidean, Soraluze parean, eduki duen auto istripu larria. (argazkiak dauzka)


 Udaltzaingoko arduradunek jakinarazitakoaren arabera ziklogenesiak ez du kalte aipagarririk eragin gurean. Hala ere, San Frantsizko kalean, ibaira ematen duen kalexkan, teilatutik eroritako antena eta uralitazko xaflen arrastoak ikus zitezkeen oraindik (beheko bi argazkietan), haizeak zapatuan hartu zuen indarraren erakusgarri. Trenbide kaleko lurrean ere ikus zitezkeen teila arrastoak. Dena dela, orain urtebete pasatxo, 2009ko urtarrilaren amaieran, ezagutu genuen lehen ziklogenesia baino arinagoa izan da honakoa. Kalte materialak alde batera lagata, elgoibartar batek Soraluze parean izandako auto istripua izan da ziklogenesiaren ondoriorik kaltegarriena, ezbairik gabe. Haizeak bere lekutik ateratako trafiko seinalea erori zitzaion auto gainera eta larri zaurituta dago auto gidari elgoibartarra.

1706639865720 200 urteko intxaur-arbola bota du haizeak Kurutzalegi baserrian

1706639865755 200 urteko intxaur-arbola bota du haizeak Kurutzalegi baserrian

Sustoa Kurutzalegin

Sustrai eta guzti bota zuen haizean 200 urteko intxaur arbola Kurutzelegi baserrian.

 Zapatu gauean, 22:00ak inguruan, susto galanta hartu zuten Kurutzalegi baserriko bizilagunek. Haizeak baserri ondoan dagoen 200 bat urteko intxaur-arbola bota zuen eta adar batzuek kalteak eragin zituzten teilatu izkina batean. Teila batzuk eta erreten zatia apurtuta daude. Okerrena, beharbada, halako zuhaitz handia argindar kableen gainera erori zela izan zen. Kableak ez daude kalteturik eta argirik ere ez zen joan, baina zerbait larriagoa gertatu aurretik Iberdrolakoei deitu zieten etxekoek.
 Sustoa gainean eduki arren ezer larriagorik pasa ez dela-eta pozik daude Kurutzalegikoak eta baita haizearen indarrarekin txundituta ere: “sustrai eta guzti atera zuen haizeak osasuntsu zegoen intxaur-arbola” diote. Idotorberako bidean ere laga dute arrastorik haizeteek, pinu adarrak eta harriak kasu.

Santa Anako pagoa
 Santa Ana ermitaren ondoan dagoen pagoa oso ezaguna da Mendaron. Santa Ana egunez (uztailak 26) egin ohi duen berotik babesteko zuhaitz aproposa zen oso Santa Anako pagoa. Haren itzalpean egiten zituzten bertso eta trikitixa saioek, baina, beste itzalpe bat aurkitu beharko dute aurrerantzean, zapatuko ziklogenesiak behera bota du eta zuhaitz zaharra. Azken aldian ez da berri honik Mendaro aldean Santa Ana ermitaren inguruan: Orain urtebete ermitarako bidea apurtu zuen luperia batek eta orain pagorik gabe geratu da. Orain gutxi, hala ere, Santa Ana ermita ingurua konpontzea erabaki du Mendaroko udalbatzak.