Bere bizipenetan oinarritutako liburua aurkeztu du Luziano margolariak

elgoibarren.net 2010ko uzt. 22a, 12:56

 
Lucio Ruiz-Poveda “Luziano” margolariak bere bizipenetan eta orain arte egin duen lan artistikoan oinarritutako liburua aurkeztu berri du. “Artista lanean baino gehiago zentratu naiz, hala ere, bizitzan eduki ditudan abenturetan, ez dira-eta gutxi izan”. Bizitzako urterik zailenak eta gogorrenak ere aipatzen ditu liburuan, baina “modu atseginean” kontatzen saiatu dela dio.

 

  Zarautzeko Urquia liburu dendan eros daiteke, momentuz, Luziano izeneko liburua. Luzianok berak azken hiru urtetako lanaren ondorioa dela 220 orrialdeko liburua azaldu du. Testuen zuzenketan bere semeak eta ilobak lagundu diote, Miguel Ruiz Povedak eta Cristina Ruiz-Povedak, hain zuzen ere.

Margolari sena txikitatik
 Luziano 1931.  urtean jaio zen Elgoibarren. Gerra Zibila zela eta, Bilbora joan behar izan zuen sei  urte zituela, eta handik Frantziara. Alemaniarren inbasioaren ostean, 1940an itzuli zen Frantziatik, eta orduantxe piztu zitzaion artearekiko zaletasuna. Elgoibarko Arte eta Lanbide Eskolara joaten hasi zen, eta 19 urte zituela, hasi zen bere benetako artista karrera.
 Asko bidaiatu du Luzianok. Parisera bisita ugari egin ditu, eta luzaroan egon zen bertan bizitzen. Montmatren jardun zuen margotzen, eta estudio txiki bat ireki zuen bertan.
 1955ean Madrilera joan zen bizitzera. Espainiako herriekiko maitasunak bultzatuta, ia estatu osoa zeharkatu zuen. Ibilaldi haietan jaso zituen bere artelanak osatzeko erabili dituen gaiak: etxebizitzen fatxadak, kale zuloak, portuak, e.a. Bestalde, Maroko, Estatu Batuak, Kanada, Mexiko eta India ere bisitatu ditu Luzianok.
 Gaur egun, bi galeria ditu, bata Madrilen eta bestea Zarautzen. Madrilekoan urte osoan zehar erakusten ditu bere lanak, Zarautzen berriz, udan. Izan ere, Madrilen bizi bada ere, udako hilabeteak, ekainetik urrira bitartean, Zarautzen igarotzen dit, orain 35 urte hasitako ohiturari eutsiz. 
 
 
*Argazkia: Antxon Etxeberria.