Getxo erakusleihotzat hartu eta argazkien bidez, tamaina handikoak batzuk, artisten euren eta bisitarien arteko konplizitatea lortzea du helburu Getxophoto jaialdi entzutetsuak, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Edu Arrillagak aspaldikoa du argazkitarako zaletasuna. 14 urterekin oparitu zioten lehenengo argazki kamera, eta 15 urte eskasekin hasi zen argazkiak errebelatzen. Irudia eta Soinua eta Argazkilaritza ikasi zituen Bartzelonan, eta Elgoibarko Ongarri argazkilaritza taldeko kidea da. El Diario Vasco, La Vanguardia eta El Correo egunkariekin kolaboratu izan du, eta Sokamuturra izenburuko argazki bilduma ere argitaratu du.
Hain zuzen ere, liburu horretako argazkiak dira Getxon ikusgai jarriko dituztenak. Sokamuturrako une gozoenak zein harrapaketarik larrienak erretratatu zituen bilduma horretarako, eta tentsioa, beldurra, ikarak sorrarazitako irribarrea... sentimendu asko jaso zituen. “Argazki lengoaia zuzena, intentsitatez eta pasioz betea eskaintzen digu Eduardok”, nabarmendu dute jaialdiko antolatzaileek.
- Edu Arrillagaren argazkiak Algortako Azoka kanpoan ikusi daitezke (ikusi mapa honetan)
•2011 Egutegirako Argazki Lehiaketa
Elgoibarko Udalak Ongarri argazkilari elkartearen laguntzaz Elgoibarko argazki lehiaketa antolatu du “Elgoibar” lemapean. Helburua 2011 urteko egutegia osatuko duten argazkiak aukeratzea da. Edozein zaletuk parte har dezake lehiaketa horretan, eta lanak urriaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.
- Ikusi hemen: Lehiaketaren oinarriak
- Iazko irabazleak
*Argazkiak: Edu Arrillaga