Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua emango du parrokian

elgoibarren.net 2010ko ira. 22a, 13:40

 
Elgoibarko Udal Musika Bandaren 125. urteurreneko ospakizunekin bat eginez, Bilboko Udalaren Musika Bandak kontzertua eskainiko du, zapatu honetan (irailak 25), San Bartolome parrokian.



  Urte guztian zehar antolatu ditu Elgoibarko Udal Musika Bandak 125. urteurrena ospatzeko ekintzak: Bandaren historia jasotzen duen liburuaren aurkezpena, erakusketak, bandera berriaren aurkezpena, eta, batez ere, goi mailako kanpoko bandak ekartzen egin dute ahalegina: Holanda, Portugal, Bergara eta Iruneko Bandak pasa dira San Bartolome parrokiatik. Eta, kanpotik etorritakoen artean, Bilboko Udaleko Musika Banda izango da Elgoibarkoari ohore egiten azkena.
 
 Bilboko Banda 1895ean sortu zen, Elgoibarkoa baino hamar urte geroago, hain zuzen ere. Gaur egun, BilbaoMusika Toki Erakunde Autonomiadunaren barruan dago. Aipatzekoak dira bere emankizunak ekitaldi ofizialetan eta ospakizun herrikoietan, eta Areatzako kioskoan udaberrian eskaintzen duen kontzertu zikloa. Azpimarratzekoak dira, era berean, Udazkeneko eta Neguko Zikloak; ziklo horiek Arriaga antzokian hasi ziren eta gaur egun Euskalduna Jauregian egiten dira. Ziklo horietan izen handiko zuzendari gonbidatuak izan ditu, hala nola: Enrique García Asensio, Pablo Sánchez Torrella, Juan José Ocón, Darío Sotelo, José Mª Sáinz Alfaro, Gary F. Lamb, Ruper Lekue, Richard Miles, Thomas Rotondi, Hilario Extremiana, Evgeny Dzhalalov, Pablo dell'Oca eta Fernado Bonete; bakarlari handiak ere bai: Pedro Iturralde, Kepa Junkera, Astrid Crone, Manuel Bobenrieth, Javier Eguillor, Manel Ramada, Santiago Juan, Mª Eugenia Silguero, Euskadi Brass metalezko boskotea edo Oskorri taldea, besteak beste. (informazio gehiago: bilbaomusika.net)
  • ORDUA eta LEKUA: Kontzertua gaueko 22:00etan hasiko da, San Bartolome parrokian, eta ez da sarrerarik ordaindu beharrik izango.(Ikusi hemen: Kontzertuko egitaraua PDF)