2009ko martxoaren 1ean hil zen Borja Uzuriaga, eta haren omenez, Skull’s Riders taldekoek lore eskaintza bat egingo dute Aiastia-San Migelgo gazteak istripua izan zuen lekuan. Handik, Aiastia auzoruntz joko dute moto gidariek, eta goian geldialditxo bat egingo dute, auzoa jaietan dagoela aprobetxatuta.
Arratsaldean, 19:00etan, haurrentzako eskulanak izango dira Leku-Ederren. Era berean, umeentzako molto lasterketa bat ere antolatu dute. Tarte hori, Bizkaia aldera irteera bat egiteko baliatuko dute moto gidariek, eta afaltzeko batuko dira berriz guztiak, Leku-Ederren jarrita dagoen karpan. Ondoren, Señor Maligno taldearen kontzertua izango da Madalan, baina dantzatzeko musika ere izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Gaua ikastolako frontoian igaroko dute.
Domeka goizean beste irteera bat egingo dute, Markina eta Ondarroa aldera, eta eguerdian itzuliko dira berriro Plaza Txikira. Antolatzaileek ehunka moto gidari biltzea espero dute. Ikuskizuna ziurtatuta dago, beraz, asteburu osorako.