Veneziatik Santiagora gurdi gainean

elgoibarren.net 2010ko ira. 24a, 13:32

 
Veneziatik, bere sorlekutik, Santiagora dauden 2.600 kilometroak argazkiotan ikus dezakezuen gurdi gainean egiten dihardu Marina Furian italiarrak, Joel txakurraren laguntza bakarraz, eta Vanda, zortzi urteko zaldi hungariarrak tiratutako gurdi gainean.



Urez inguratuta egotera ohituta dago Marina Furian veneziarra.

 Zaldiari atseden emateko egin du geldialdia gurean; Lerun industriaguneko berdegune batean topo egin dugu berarekin, eta bideari berriz ekiteko eguraldi hobeagoaren zain dagoen bitartean, bere bidaia bitxiaren berri eman digu.
  Aldapa gehiegirik ez bada, egunean 30 kilometro inguru egiteko gai direla –bera, txakurra eta zaldia- azaldu du Marina Furianek. Aurten, Xakobeo urtea izanik, Santiago Egunean, uztailaren 25ean, Santiagora ailegatzeko asmoa zutela gaineratu du, baina bistakoa da atzerapenarekin doazela. Apirilaren 25ean irten ziren Veneziatik. Done Jakue bidea egiten duen bigarren aldia da honakoa, estreinako aldian Bide Frantsesetik egin zuen eta oraingoan Kostaldeko Done Jakue Bidea jarraitzen ari da. Orain arte ikusi eta bizi duenarekin asebeteta dagoela dio, “behar izan dudan guztietan laguntzeko prest zegoen jendearekin topo egin dut, jende oso jatorrarekin. Izugarrizko esperientzia izaten ari da”.

  Bidaiari ausarta izateaz gainera artista ere bada Marina. Larrua landuz txotxongiloak egiten ditu eta bidean egiten dituen geldialdietan umorezko antzezlanak eskaintzen ditu horiekin.
 
Argazkiak:

Veneziatik Elgoibarrera gurdi gainean etorri da, ia 2.000 kilometroko bidaia.

Venetoko eskualdearen babesa jaso du Marina Furianen kultur bidaiak.