Erakustaldia eskaini zuen Asier Cuevasek, atzo (irailak 26), jokatu zen IV. San Migelgo igoeran. Espainiako maratoi txapeldun eta txapeldunordeak, 2008an eta 2009an, hurrenez hurren, goi mailako antxintxikaria dela erakutsi zuen. Irteeratik aurrea hartu eta bakarrik egin zuen igoera osoa, erlojuaren aurkako proba bat balitz moduan. 50 kilotik beherako pisuak ematen duen arintasunaz, erritmo bizia ezarri zuen eta halaxe egiaztatzen du amaieran lortu zuen markak: 18:35, probako errekor berria.
Atzetik, iaz lortutako garaipena errepikatzeko asmoarekin gogotik saiatu zen arren (ikus beheko argazkietan), Iñigo Lazkano mendaroarrak ezin izan zuen eibartarraren arrastora hurbildu ere. Hala eta guztiz nabarmentzekoa da egin zuen denbora (19:48), Josu Arregik 2008an ezarritako errekorretik hamar segundora geratu zen-eta. Lazkanorengandik sei segundora ailegatu zen helmugara Igon Manzisidor debarra, hirugarren sailkatua. Josu Arregi azpeitiarra sartu zen helmugan laugarren postuan. Lehen elgoibartarra Iñigo Lariz izan zen. Unai Bengoa itziartarrak estreinako edizioa, 2007koa, irabazi zuenetik, ez da igo elgoibartarrik podiumeko kaxoirik preziatuenera.
Nerea Amilibiaren hirugarren garaipena
Emakumezkoei dagokienez, Nerea Amilibiak jarraian lortzen duen hirugarren garaipena lortu zuen, eta, gainera, iaz ezarri zuen marka ondu zuen. 24 minutu eta bederatzi segundotan laga zuen marka berria, iazko denbora 25 segundotan hobetuz. Aiarraren atzetik Lendinez ahizpak sailkatu ziren: Ainhoa (25:22) eta Nerea (27:02), bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
•Gizonezkoak:
1. Asier Cuevas (18.35)
2. Iñigo Lazkano (19:48)
3. Igon Manzisidor (19:54)
•Emakumezkoak:
1. Nerea Amilibia (24:09)
2. Ainhoa Lendinez (25:22)
3. Nerea Lendinez (27:02)
- Sailkapen osoa (PDF)
Argazkiak:
|
|
|
|