Jenaro Garate ekonomialaria hil da

elgoibarren.net 2011ko ots. 14a, 16:48

Joan den barixakuan hil zen, 84 urterekin, Jenaro Garate ekonomialaria. Besteak beste, aitzindaria izan zen ekonomiari buruzko testuak euskaraz idazten, orain dela 40 bat urte. Makroekonomiaren oinarrizko arazoak luze eta sakon ikertu ostean, Jakin aldizkarian eta Gero editorialean eskaini zituen bere azterketen emaitzak. Gotzon eta Roman anaiak moduan, jesuita ere izan zen, bide hori gero laga arren.


 Hamaika anai-arreben artean zortzigarren zen Jenaro Garate Goihartzun (Elgoibar, 1927). Karmel euskal aldizkarian idatzi zuen biografia laburrean kontatzen duen moduan: "11 urterekin (Francoren guda garaian) aldizkari saltzen hasi lanean. 14 urterekin Elgoibarko Banco Vizcayan soldatapean. 16 urterekin jesuita. 24rekin, filosofia ikasketak egiten adimenezko eta, ondorioz, fedezko oinarriak galdu. Kalera, 20 urtez agnostizismoaren itzalpeko ilunean bizitzera. Nire gogo barrenean Jaungoikoak berriz bereganatu arte. 30 urte arte lanean. Mutikotan hasitako ‘Profesor Mercantil’ titulua burutuz gero, Madrilera Ekonomia ikastera. ‘Agroman’en lanean nintzela bukatu nuen karrera. 35 urterekin ezkontza zoriontsua. Lanean jarraituz, lehenbizi ekonomialari nagusiak irakurri eta aztertzeari eman nion: Adam Smith, Ricardo, Marx, Marshall, Keynes. Fakultatean erakutsi ez zidatena argitu nahian, lasai eta luzaro jardun nuen makroekonomiaren oinarrizko arazoa ikertzen. Jakin aldizkarian eta Gero editorialean eskaini nituen nire azterketen emaitzak.
 Jubilatu, eta 72 urterekin nire bizitzako giza gogo aurkikuntza: gizakiaren adimenaren (eta beste fakultate guztien) gainean, giza maitamena dagoela, hautamenaz eta ezagumenaz osatua, ‘Gizakia maitagogoa da’ titulupeko liburuan Jakinek argitaratua (www.gizakia.com).

IRITZIAK: Amatiñok (bere blogean) eta Angel Ugarteburuk, Genaro Garateren ilobak, ere agur eta ohore egin nahi izan diote hil berri den osabari. Ondorengo lerroak idatzi ditu Ugarteburuk osaba akorduan hartuta:

Jenaro Garate joan da
 Gotzonek agur egin zigula badira bi urte pasa. Ondoren, urtebetegarrenean joan zen Ignazio anaia ere eta arreba nagusia Anita, neure amaginarreba, gero. Azken abenduan egin zigun agur gure seme-alaben amamak eta orain, bi hilabete pasa ez direnean, Jenaro joan da gure artetik. Giza gorputzak berez dakar iraungitze data eta guk ezin horri itzuri egin, baina bai joan direnak maitasunez gogoratu eta haien irakaspenak jaso.
Hil baino pare bat egun lehenago izan nuen osabarekin berba batzuk egiteko aukera. Estu eta maitekor heltzen zidan eskutik, nahigabeen artean lasai. Hunkigarria Pakita emazteak azkenera arte eskaini zion arreta eta bizi poza. Egia galanta da, gero, gizon handi baten ondoan beti egon ohi dela are handiagoa den emakumea. Eta alderantziz ere bai, dudarik gabe.

 Jakin irakurgaiak sailean argitaratu zuen liburu bat eskuetan nuela hurbildu nintzaion azken bisita horretan. “Bigarren aldiz nabil irakurtzen, astiro-astiro”- esan nion eta irribarrea atera zitzaion. Gizakia maitagogoa da (nire aitorpen filosofikoa) da liburuaren grazia.
Humanitate eta filosofia gaiak landu eta gero Ekonomia ikasketak egin zituen Madrilen eta gai horiei lotuta lan egin jubilatu artean. Baina bere benetako gogoa bizitzaz, justiziaz, maitasunaz... pentsatu eta pentsa araztea zen. Etika arloa jorratu izan du azken urteotan bereziki, Deustun etikako irakasle eta maisuen maisu izan den bere anaia Romanekin batera. Hark izango du zer kontaturik Jenaroren kezka eta gizakiarekiko grinaz eta nik baino hobeto eta sakonago emango luke horren berri.

 Mahai gainean ditut azken aldian hark argitaratutako bi liburu, anaia Romanen hitzaurre eta guzti biak ere. Aipatu berri dudana, alde batetik, nire ustez oso interesgarria dena eta Gero etxeak 2004an argitara emandakoGizakia eta... ekonomia,politika, zientzia-etika,filosofia, bestea.
Harrigarria da zientzia arloko zehaztasunetan ohitua den gizon batek nolako garrantzia ematen dion gizakiaren sentimenduei. Gizakia, azken batean, maitagogoa baino ez dela esateraino.

 Trinkoak dira haren pentsamenduak eta laburtzen zailak, bai idatzi dituen liburuetan eta bai aldizkarietan eman dituen artikulu askotan... Karmelen, Jakinen eta beste batzuetan. Hobe haren liburu eta gainontzeko idatzietara jotzea, horretaz jabetzeko.

 Gizon argi, zorrotz eta sentimendu sakoneko osabaren berri eman nahi nuen, aldendu zaigun honetan. Zure maitagogoak betiko iraungo du.
 
Azken agerpen publikoak
  Bere anaia Gotzon Garatek jasotako Esaera Zaharren Irakurketa Publikoan parte hartu zuen iaz, Jenaro Garatek. Berari egokitu zitzaion, hain justu, azken esaera irakurri eta ekitaldiari amaiera ematea. Ondorengo bideoan ikus dezakezue. (Beheragoko bideoan, berriz, anaia hil eta urtebetera, Elgoibarko herriak Gotzon Garateri egin beharreko omenaldia aurkeztu zuen Jenaro Garatek, senideen laguntzarekin)
{vimeo}6813279{/vimeo}
{vimeo}15836829{/vimeo}