2012ko udan hasiko dira Pilarreko zahar etxea eraikitzeko lanak

elgoibarren.net 2011ko api. 26a, 14:39

Udal arduradunen aurreikuspenen arabera, 2012an hasiko dira lanak Pilar ikastetxea egon zen gunean, eta 2014. urte amaierako erabiltzeko prest egongo dira bertan eraikiko dituzten Gerontologi zentroa-150 lagunentzako lekua izango du-, Eguneko Zentroa eta buruko gaitzak dituzten gaixoentzako unitatea. Horiez gain, aparkalekuak eta jarduera ekonomikoetarako gune bat ere izango ditu eraikuntza berriak. Orotara 14.860 metro koadro izango ditu eta 10.404.720 euroko aurrekontua.


 Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamentuak eta Elgoibarko Udalak, “elkarrekin bilera asko egin ondoren” lortu duten akordioaren arabera, Foru Aldundiak egoitza zentro bat eraiki, ekipatu eta kudeatu ahal izango du Elgoibarko Udalak eman dion herri jabetzako partzela batean, Pilar ikastetxea egon zen gunean, hain zuzen ere. Partzela horren lur azpian, aparkalekua eta jarduera ekonomikoetarako zentro bat izango ditu Udalak. Gaur bertan onartuko dute hitzarmena Udalbatzarraren Osoko Bilkuraren Ez Ohiko bileran; 18:30etik aurrera Udaleko pleno aretoan. Ikus hemen gai ordena (PDF)

15.237.943 euroko aurrekontua

 Gipukoako Foru Aldundiaren eta Elgoibarko Udalaren arteko hitzarmenean jasota dagoenez, gerontologi zentroa eraiki ahal izateko 10.404.720 euroko aurrekontua kalkulatzen da. Diru hori diputazioak jarriko du. Aparkalekuak eta jarduera ekonomikoetarako gunea eraikitzearen ardura, berriz, Elgoibarko Udalarena izango da. Lan horiek 3.305.366 euroko aurrekontua izango dutela uste dute. Azkenik, urbanizazio lanetarako 1.527.857 euroko aurrekontua jasotzen da hitzarmenean. Hortaz, orotara, 15.237.943 euroko (BEZa kanpo) aurrekontua izango du gune berriak.
Aparkalekuak eskaeraren arabera
 Urbanizazio lanak nork ordainduko dituen zehaztugabe daudela oraindik aurreratu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Aparkalekuei dagokionez, dagoen eskaeraren arabera eraikiko dituztela solairu bat edo bi azaldu du: “Solairu bakoitzean 77 autoentzako aparkalekuak eraikiko genituzke. Eskaera behar bestekoa ez bada, aparkaleku solairu bakarra eta jarduera ekonomikoetarako zentroa eraikitzeko ardura hartuko ditu bere gain Udalak”.

 Ekipamendu berriak osagai hauek izango ditu: adineko mendeko pertsonentzako egoitza (150 plaza), Eguneko Zentroa eta buruko gaitzak dituzten pertsonentzako unitatea (24 plaza). Zentro berriko jarduera hasten denean, gaur egun udal egoitzetan dauden 48 lekuak eta Eguneko Zentroko 20 plazak hara eramango dira.