Hirugarren mailatik Bigarren B mailara igotzeko Igoera fasea jokatzeko sailkatu ziren lau taldeetako batek (Amorebieta, Laudio, Sestao eta Durango) igoera lortzea zen Haundik mailari eutsi ahal izateko aukera bakarra, eta halaxe suertatu da. SD Amorebietak Bigarren B Mailara igotzea lortu du multzoko txapeldunen arteko kanporaketan Manacorri irabazita. Joaneko partidan 3-0 irabazi zuen Amorebietak etxean eta Manacorren (Menorca), joan den domekan, jokatu den itzulerako partidan 0-1eko emaitzarekin lortu dute garaipena bizkaitarrek. Datorren denboraldian Bigarren B mailan arituko da, hortaz, Amorebieta; eta, Haundik lekua izango du Hirugarren Mailan.
•Denboraldi historikoa regionaleko taldearentzat
Ez dira hemen amaitzen CD Elgoibarrentzako albiste pozgarriak, izan ere, regional mailako mutilek mailaz igotzea lortu dute. Denboraldi borobila egin eta igoera lortu zuen Regionaleko taldeak. Haundik maila galtzen bazuen, baina, maila berean ezin direnez klub bereko bi talde egon, saririk gabe geratzeko arriskua zuten regionalekoek. Zorionez, mailari eutsi dio Haundik eta talde nagusia baino maila bat beherago, Ohorezko Regional mailan arituko da datorren denboraldian CD Elgoibarko bigarren taldea. Sekula egon den mailarik gorenean, alegia.
•Loiolak ez du jarraituko entrenatzaile moduan
Fernando Loiola, Haundiko entrenatzailea, Menorkan gertatzen zenari adi-adi egon da asteburuan, Haundiko jokalari, zuzendaritzako kide eta zale guztiak moduan. Zama handia kendu du gainetik Amorebietaren garaipenarekin eta gustura dago, noski, denboraldiak izan duen amaierarekin: “Denboraldi gogorra izan da, baina porrota izan zitekeena arrakasta bihurtu da azkenean. Mailari eustea zen denboraldi hasierako helburua eta lortu egin dugu. Ospatzeko motiboak dauzkagu”. Regionaleko taldea mailaz igo izana ere nabarmendu du Loiolak. “Klubarentzat oso ona da bigarren taldea talde nagusia baino maila bat beherago egotea. Maila lehiakorragoa izanik, jokalariek gutxiago igarriko lukete batetik bestera dagoen jauzia”.
Haundiko entrenatzailea izateari lagako diola aurreratu du, bestalde, Fernando Loiolak. “Talde barruan jarraituko dut, koordinatzaile lanetan-edo, baina ez entrenatzaile moduan”. Entrenatzaile berria topatzeko lanak hasita dituztela gaineratu du.