Bederatzi gazta lehiatuko dira urteko gazta onenaren sariaren bila

elgoibarren.net 2012ko abe. 12a, 19:50

"Ordiziako gazta lehiaketa irabaztea Kontxako bandera irabaztearen parekoa dela diote. Orduan, Elgoibarko urteko gazta onena aukeratzeko lehiaketa irabaztea San Miguel Liga irabaztea litzateke". Arrauna eta gazta txapelketen arteko konparazio horrekin, Gabon Zahar Feria Egunean Elgoibarren egingo den gazta lehiaketaren garrantzia nabarmendu du Agustin Irustak. Bederatzi gaztagilek parte hartuko dute aurten. Era berean, gazta txapelketari lotuta, bosgarren maridaje-afaria antolatu dute Belaustegi jatetxean, zapatu honetarako.


  Idiazabal Jatorri Izendapenaren Batzorde Arautzailearen ardurapean antolatu diren ardi-gazta lehiaketa bat edo gehiago irabazi duten gaztagileak batuko dira Elgoibarren, abenduaren 29an egingo den Gabon Zahar Ferian. Eta, egunean bertan, 13:30ak aldera, emango dute jakitera Euskal Herriko urteko gaztarik onena zein izan den. Bederatzi gaztagile txapeldunek parte hartuko dute aurtengo ekinaldian, iaz baino bat gehiago. Txapelketak gaztagile gehiagoren artean banatu direla aurten azaldu du Agustin Irustak. Haren ustez, joera horrek lehiakortasuna handitu dela adierazten du. Era berean, hiru gaztagile estreinakoz etorriko dira Elgoibarrera: Jon Etxeberria, Jose Luis Odriozola eta Patxi Lopez de Uralde.
Honako hauek dira Elgoibarko gazta txapelketan parte hartuko duten gaztagileak eta 2012an irabazi dituzten txapelketak:
 2012an irabazitako txapelketak
 Irabazlea

 Deba, Elgoibar eta Eibar

 J.M. Ansola-Mausitxa (Elgoibar)
 Bilbo  Hermanos Audikana (Gereñu)
 Plentzia  Patxi Lopez de Uralde (Larrea)
 Azpeitia, Araia, Uharte-Arakil eta Hondarribi  Ricardo Remiro (Eulate)
 Ordizia, Axpe eta Gernika
 Jon Etxebarria (Zeanuri)
 Bergara  Jose Luis Odriozola (Aia)
 Legazpi  Joseba Insausti (Ordizia)
 Euskal Herriko Txapelketa
 Aizpea (Olaberria)
 Agurain   La Leze (Ilarduia)

Palmaresa

Antolatzaileak gazta txapelketaren aurkezpenean.

Elgoibarko Udalak eta Kalamua elkarteak, bosgarren urtez antolatu dute Urteko Gazta Txapeldunaren lehiaketa. Lehenengo bi ekinaldiak Ricardo Remirok, Eulateko artzainak, irabazi zituen. 2010ean, J. Aranburu elkarteak aurkeztutako gaztak eraman zuen saria etxera. Iaz, berriz, etxean geratu zen garaikurra, Mausitxa baserriko gaztak irabazi zuen-eta txapelketa. Adituek faboritoen zakuan sartu dute, aurtengorako ere, Elgoibarko gazta. "Gaztagileren batek erregulartasunaren mailota merezi badu, Mausitxa da hori. Urte guztian aurkeztu dituzte gazta irabazleak. Debako txapelketa irabazi zuten urtarrilean, Elgoibarko jaietakoa abuztuan eta Eibarkoa joan den azaroan", azaldu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, txapelketaren aurkezpenean. 1.500 euroko sari bakarra egongo da irabazlearentzat.
Internetez ikusteko aukera

1706637905151 Bederatzi gazta lehiatuko dira urteko gazta onenaren sariaren bila

Udaletxeko pleno aretoan jarraitu ahal izango du, nahi duen orok, Gabon Zahar Feriaren barruan egingo den urteko gaztarik onenaren aukeraketa. 12:00etatik aurrera epaimahaikideen lana zuzenean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horrez gain, iaz hasitako bidetik, streaming bidez Internetetik zuzenean jarraitu ahal izango da lehiaketa. Iaz, 140 lagun inguruk ikusi zutela lehiaketa Internet bidez jakinarazi du Alfredo Etxeberriak.

Maridaje afaria Belaustegi jatetxean
  Gazta txapelketari lotuta, lehiaketarekin batera jaio zen ohiturari eutsiz, maridaje-afaria antolatu dute Belaustegi jatetxean, Idiazabal gazta, ehiza eta goi mailako ardoak uztartzeko. Datorren zapatuan, abenduaren 15ean, izango da afaria (21:00etan), eta guztira bost plater eta bost ardo dastatzeko aukera egongo da. Ardo beltzak, zuriak eta cavak egongo direla aukeran azaldu du Josu Mugerza sukaldariak. Kultura Sailean (943 742 158)  eta Belaustegi jatetxean eman daiteke izena. Aditu batek janaria eta ardoa nola uztartu behar diren azalduko du. Gainera, jendeak kezkarik gabe eran ahal izateko, autobus bat jarriko dute Elgoibartik jatetxeraino.
 
∞Lotura duten albisteak: