Konposta nola egin ikasteko hitzaldia eskainiko du gaur Debabarrenako Mankomunitateak

elgoibarren.net 2013ko ots. 6a, 11:29

 
Debabarrenako Mankomunitateak etxeko konpostajea sustatzeko kanpaina hasi du, eta horren barruan, hitzaldi informatiboa antolatu du gaurko (otsailak 6), Elgoibarko Udalarekin elkarlanean. Elgoibarko Musika Eskolako auditorioan izango da, 19:00etatik aurrera. Ordubete inguruko saioa izango da. Antolatzaileek aurreratu dute hitzaldi ostean etxean konpostajea egiteko behar den materiala doan banatuko dietela interesa agertzen duten guztiei.



1706637773869 Konposta nola egin ikasteko hitzaldia eskainiko du gaur Debabarrenako Mankomunitateak

Azaroaren 29an hasi zuen kanpaina mankomunitateak, eta helburua ere zehaztu zuen orduan Arcadio Benitez Debabarrenako Mankomunitateko presidenteak. Guztira, 300 autokonpostadore jarri nahi dituzte Debabarrena inguruko 1.500 baserri eta familia bakarreko etxebizitzetan.
 Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako kanpaina da, eta hala, izena ematen duten bizilagun guztiek konposta egiteko behar den guztia doan jasoko dute: konpostagailua, aireztagailua, eta koponstajeari buruzko gida-liburua. Era berean, konpostajean aditu diren teknikarien laguntza eta aholkularitza ere izango dute kanpainan parte hartzen dutenek. Unean-unean sortzen zaizkien zalantzak argitzeko telefono zenbaki bat ere izango dute: 902 102 885.
  • Kanpaina honetan izena eman nahi duten herritarrek www.debabarrenakonpostatzen.com helbidean edota 943 700 799 telefono zenbakian jaso dezakete informazio gehiago.

*Artxiboko argazkia.