Guillermo Hijanok irabazi ditu 11. Olinpiada Matematikoak

elgoibarren.net 2013ko mai. 23a, 10:52

Eduardo Chillida Euskadiko 11. Olinpiada Matematikoan lehen postua lortu Guillermo Hijanok, Elgoibarko institutuko DBHko 2. ikasturteko ikasleak. Bere anaia zaharragoak {Albertok} duela bi urte irabazi zuen txapelketa bera irabazi du, hain justu ere, Guillermok. Ekainean Espainiako txapelketan hartuko du parte Andorran.



 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako DBHko bigarren mailako ikasleek parte hartu dute Eduardo Chillida Euskadiko 11. Olinpiada Matematikoan.

Guillermo Hijano Olinpiada Matematikoetan ebatzi zuen problemetako bat erakutsiz.

Ikastetxeetan eginiko frogak gainditu zituzten ikaslerik onenak azken faserako sailkatu ziren, eta joan den maiatzaren 11n batu ziren guztiak Gasteizen. Matematikako lau problema ebatzi behar zituzten bi ordu pasatxoan, eta maiatzaren 17an jakinarazi zituen epaimahaik irabazleen izenak. Epaiaren arabera (ikus emaitzak), Guillermo Hijano Mendizabalb elgoibartarrak eskuratu du lehen saria. Gasteizera ondo prestatuta joan zela azaldu du IES Elgoibar-Arreiturre ikastetxeko ikasleak. “Izan zena baino zailagoa izango zela uste nuen arren, logikan oinarritutako problema matematikoak zirela ikustean lasaitu egin nintzen”, adierazi du Guillermok. Jaurlaritzaren beka bat jaso du saritzat, Europako herrialde batean lau asteko hizkuntza-ikastaldi bat egiteko.
Matematikak gozamena
 Duela bi urte bere anaia zaharragoak, Albertok, irabazi zituen Olinpiada Matematikoak. Etxean elkarlana ala lehia den nagusi galdetuta, anaiarekin harreman oso ona duela dio. “Anaia seguru zegoen neu izango nintzela irabazlea”, azaldu du. Anaiaz gainera, aitaren laguntza jasotzen du etxean Guillermok, bereziki berak lagundu baitio txapelketa prestatzen. "Talde on bat osatzen dugu etxean", bota du. Matematikak eta zientziak oro har, obligazioa baino gozamena dira Guillermorentzat, “oso ondo pasatzen dut matematikekin”, aitortu du. Batxiler Zientifiko Teknikotik joko duela argi dauka eta Fisika ikasketak egitea gustatuko litzaiokeela dio.

  Guillermo Hijanok Espainiako matematika olinpiadetan hartuko du parte, ekainaren 23tik 27ra arte, Andorran.