Ibon Gabilondok lehen ehun sailkatuen artean amaitu du Lanzaroteko ironmana

elgoibarren.net 2013ko mai. 24a, 14:17

 
Lanzaroteko Ironman entzutetsuaren 22. ekinaldia jokatu zen joan den zapatuan. 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42 kilometro korrika. Triatleta askoren ametsa da proba hori eta Ibon Gabilondok bete du amets hori. Bere lehen ironmana osatu zuen elgoibartarrak Kanariar Uharteetan, eta, gainera, postu eta denbora aipagarriak lortu zituen. 10 ordu, 21 minutu eta 53 segundo lehian aritu ostean, sailkapen nagusiko 81. postuan sailkatu zen {1.727 lagunek amaitu zuten proba}. Ondoko argazkian, semea eskuetan hartuta helmuga zeharkatu zuen unea.



 Ia lau kilometro igerian egin eta gero (Getaria Zarautz itsasaldiak 2.800 metro ditu), Giroko edo Tourreko etapa batek adinako distantzia egiten dute bizikleta gainean ironmanetako parte hartzaileek, eta, postre gisa, maratoi oso bat, 42 kilometro eta 195 metro, egiten dituzte antxitxika.
 Lanzaroteko ironmanak gainera, gogorra izateko fama dauka irinmanzaleen artean, batez ere, bizikletako zatian eta korrikakoan dituen ibilbide gogorrengatik. Zailtasunak gutxi ez eta eguraldi baldintzek are gehiago zaildu zuten proba: Euriak goizeko lehen orduan, haizeak bizikletako proban eta bero sargoriak korrikako proban. Bada, baldintza gogor horietan kilometro horiek guztiak egiten azkarrera Faris Al-Sultan alemaniarra izan zen, 8:42:40 denborarekin. Ibon Gabilondok denbora apur bat gehiago behar izan zuen lanak amaitzeko, baina meritu handiko 81. postuan sailkatzea lortu zuen, 10:21:53 denborarekin. Azken proban, maratoian, “mamu guztiak” ikusi zituela aitortu du Gabilondok, baina azken 12 kilometroetan sufritzen jakin zuen eta bere estreinako ironmana bukatu zuen.
Lanzaroteko Ironmana begiz jota
 "Ez dago jakiterik zein izango den parte hartuko duzun azken Ironmana, bai, ordea estreinako ironmana non eta noiz egingo duzun. Lanzarote leku aproposa iruditu zitzaidan nire estreinaldirako". Ibon Gabilondoren berbak dira. Lanzarote ezagutu zuen unetik, inoiz Ironman proba batean parte hartzea erabakitzen bazuen, argi zuen han izango zela. "Europa erdialdean ibilbide erabat lauetan egiten diren Ironmanek ez ninduten erakartzen Lanzaroteko paisaiak, haizeak eta ibilbidearen gogortasunak bezain beste", azaldu du.
Europako triatleten elkargune
 Ironman frankiziak Espainiar Estatuan duen proba bakarra da Lanzaroteko Ironmana. Aurtengoa 22. ekinaldia izan da. Gabilondok azaldutakoaren arabera, irlako biztanleek dena ematen dute nazioarteko proba honi laguntzeko. "Oso barneratuta daukaten lasterketa da". Europako hainbat lekutatik joandako 1.800 triatleta batu ziren aurten Kanariar Uharteetako irla honetan. "Aurrez azaldutako guztiagatik lasterketa berezia da", nabarmendu  du triatleta elgoibartarrak.
Entrenamendu gogorrak eta luzeak
 Ironman bat egin ahal izateko asko entrenatu beharra dago. Martxotik Maiatzaren hasierara buru belarri jardun duela entrenatzen dio Gabilondok. "Entrenamendu horietan 30 kilometro korrika egiteraino ailegatu nintzen, eta bizikletaz gehienez 165 kilometrora arteko saioak egin nituen". Era berean, entrenamendu gisara, Elcheko Ironman erdian hartu zuen parte apirilean. 1.200 lagunek hartu zuten irteera eta 25. postuan sailkatu zen Gabilondo. Emaitza horrek "konfiantza" eman zion bere buruarengan, eta prestaketak bide onetik zihoazela erakutsi.
Lanzaroteko proba, zatika
  •  Lanzaroteko probari dagokionez, uretatik oso gustura atera zela azaldu du Gabilondok. Ordubetean egin zuen igeriketako proba. Azaldu duenez, irteeran egoten da arazo gehien, eta aitortu du ikara apur bat ere sentitu zuela 1.800 lagun une berean uretara sartu ziren unean. "Kolpeak saihestea da garrantzitsuena probako zati horretan", dio. Igerian oso ondo moldatu zen arren, 116. postuan irten zela uretatik nabarmendu du, parte hartzaileen maila altuaz jabetzeko datu modura.
  • Bizikleta gainean egin beharreko lanetan "indarrak ondo gordetzea" da garrantzitsuena bere ustez. Lehen 120 kilometroetan ibilbide gorabeheratsuari aurre egin behar diote parte hartzaileek, eta zati horretan indarrak ez xahutzeko tentu handiz ibili behar dela ohartarazi du.  "Azkenean, nire aurreikuspenak betez, bost ordu eta 45 minutuan egin nuen bizikletako zatia".
  • Korrikako zatian, 42 kilometroak hiru ordu eta hamar minuturen bueltan osatzea zen bere asmoa. "Maratoi erdia ordubete eta 28 minutuan egin nuen, baina 30. kilometro inguruan akats bat egin nuen jatekoarekin, eta horren ondorioz, uste baino luzeagoa egin zitzaidan amaiera. Denbora galdu nuen hor eta hiru ordu eta 26 minutuan amaitu nituen azkenik 42 kilometroak". 
Esperientziarekin gustura, ez horrenbeste emandako mailarekin
 Egindako lanarekin eta bizitako esperientziarekin gustura geratu dela dio Gabilondok. "Lasterketari dagokionez, ez nuen nire benetako mailarik eman. Hala eta guztiz, bizitako esperientziarekin gustura itzuli naiz Lanzarotetik. Nire adin tartean (35-39 urte), 400 gizonezko geunden lehian, eta 22. postuan sailkatu naiz. Lehen seirek dute aukera Hawaiin jokatuko den mundialera joateko. Ez zen nire asmoa horien artean egotea, ahal nuen hobekien bukatu eta esperientziaz gozatzea baizik". 
 

1706637543939 Ibon Gabilondok lehen ehun sailkatuen artean amaitu du Lanzaroteko ironmana

1706637544023 Ibon Gabilondok lehen ehun sailkatuen artean amaitu du Lanzaroteko ironmana

1706637544095 Ibon Gabilondok lehen ehun sailkatuen artean amaitu du Lanzaroteko ironmana

1706637544139 Ibon Gabilondok lehen ehun sailkatuen artean amaitu du Lanzaroteko ironmana


•Ibon Gabilondok sektore bakoitzean eginiko denborak:
  • Igerian: 59:23
  • Bizikletaz: 5:46:13
  • Korrika: 3:26:35
  • Guztira: 10:21:53
*Iturria eta argazkiak: urgazi eta Ibon Gabilondo.