Eusko jaurlaritzak joan zen urriaren 31n onartu zuen adierazpen instituzionalarekin bat datozen “ekimen eta ekitaldi guztietan” parte hartzeko dei egin die Elgoibarko Udalak herritarrei. Adierazpen instituzional horrek, bestalde, ondorengoa dioela nabarmendu dute Udal arduradunek: “Eusko Legebiltzarrak berretsi egiten du ezen etorkizunean bakea eta bizikidetza bermatzeko beharrezkoa dela indarkeriaren bidegabekeria errekonozitzea, eta eragindako mina eta biktimen duintasuna ere errekonozitzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea.” Horrexegatik, indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztien oroimenez, apainduko dute Elgoibarko Udaletxeko balkoia. Elgoibarko Udalak azken hiru urteetan (2010 eta 2011 eta 2012) ospatu du Memoriaren Eguna azaroaren 10ean, eta aurten ere gogoan izan nahi dituzte biktimak.
Era berean, Elgoibarko Udalak dei egiten die herritar guztiei, bizikidetzaren inguruan antolatuko diren ekimen guztietan parte har dezaten; izan ere, “Elgoibarko gizarteak konpromiso irmoa hartu du bakearekin, baita, indarkeria bidegabeko urte luzeotan jasan dugun sufrimendua argitara aterako duen oroimen inklusiboarekin ere”.
∞Lotura duten albisteak:
- Biktimak gogoratu dituzte Memoriaren Egunean (2012-11-12)
- Eguenean aurkeztuko dute jendaurrean “Elgoibar bakea eraikitzen’ egitasmoa (2012-05-16)
- ‘Elgoibar bakea eraikitzen’ ekimena bultzatuko du Elgoibarko Udalak (2012-04-20)
- Indarkeriaren "biktima guztiak" gogoratu ditu Udalak Memoriaren Egunean (2011-11-10)
- Biktimak gogoan izan dituzte Memoriaren Egunean (2010-11-10)