Alberto Hijanok zilarrezko domina eskuratu du Fisikako Espainiako Olinpiar Jokoetan

elgoibarren.net 2014ko api. 9a, 13:27

 
Fisikako Euskadiko Olinpiar Jokoak irabazi eta gero, Alberto Hijano elgoibartarrak Fisikako Espainiako Olinpiar Jokoetan parte hartu du A Coruñan (Galizia), joan den asteburuan. Fisikan dituzten ezagutzak neurtu zizkieten txapelketan parte hartu zuten 140 ikasleei eta Hijanok zilarrezko domina eskuratu zuen, lehiakide ia denak urtebete zaharragoak ziren arren.

 

 Alberto Hijano pozik itzuli da A Coruñatik. Fisikako Espainiako Olinpiar Jokoetan (XXV Olinpiada Española de Fisica) parte hartu du Galizian, beste 139 ikaslerekin batera, eta uste zuena baino emaitza hobea lortuta itzuli da etxera: zilarrezko domina. Pozik dago emaitza hori urtebete zaharragoko ikasleekin lehiatuz lortu izanagatik, esperientzia aberasgarria izan delako eta lagun berriak egiteko aukera izan duelako, horrelako lehietan parte hartzetik lehendik ezagutzen zituenak berriz ikusteaz gainera.

 Lehiari dagokionez, Gerard Orriols kataluniarrak irabazi du 2014ko Fisikako Espainiako Olinpiar Jokoak eta Vigoko Raul Alonsok eskuratu du bigarren postua. Lehen bost sailkatuek Espainia ordezkatuko dute Fisikako Nazioarteko Jokoetan. 45. ekinaldia izango da aurtengoa eta Astanan jokatuko da, Kazakhstango hiriburuan. Seigarren eta bederatzigarren postuen artean sailkatu ziren hiru ikasleek, berriz, Iberoamerikako Olinpiar Jokoetan parte hartuko dute Asuncionen, Paraguayn. 
 Lehen bederatzi sailkatuek urrezko dominak jaso zituzten. Era berean, antolatzaileek 20 zilarrezko domina banatu zituzten, eta horietako bat jaso zuen Alberto Hijanok. Zortzigarren emaitzarik onena lortu zuen Hijanok horien artean. Brontzezko 30 domina ere banatu zituzten.

 Kimikako Espainiako Olinpiar Jokoetan parte hartzea izango da Alberto Hijanoren hurrengo erronka, apiril bukaeran Oviedon. Euskadiko Olinpiar jokoetan hirugarren postua eskuratu zuen martxoan.