Elena Laka eibartarra izango da Topagunearen presidente berria

elgoibarren.net 2014ko api. 11a, 07:19

Urteko Batzar Nagusia egin zuen Euskaltzaleen Topaguneak zapatuan, Gasteizen, eta beste hainbat gairen artean, presidente berria aukeratu zuten: Azken bi urteetan presidente izan den Mikel Irizarrek, lekukoa pasa dio Elena Lakari (ondoko argazkian), eta bera izango da aurrerantzean Topaguneko presidente berria.


 Laka abokatu eibartarrak “gogoz” hartu du kargua, eta Mikel Irizarri azken bi urteotan egindako lana eskertu dio. Topaguneko zuzendaritzan bost urtez parte hartu du Lakak, beraz, martxan dauden lan-ildoak ondo ezagutzen dituela eta jarraipena emango diela nabarmendu du izendapenaren ostean.
2013 urte kritikoa
2013ko errepasoari dagokionez, iazkoa urte kritikoa izan zela azaldu zuen batzar nagusian Mikel Irizarrek; kritikoa, egoera ekonomikoak aurreko urtean baino estuago hartu zuelako Topagunea eta, kritikoa baita ere, onartutako eraldabideei gogor heldu eta eraldaketa martxan jartzeko urtea izan zelako. Bi faktore horiek kontuan hartuta, “ondo” baloratu zuen urteko emaitza.

 Batzarra joan zen astean hil zen Koldo Mitxelena …eta kitto! elkarteko koordinatzailea gogoratuz hasi zuten. Urtetan …etakitto! elkartearen eta aldizkariaren bihotza izan zen Koldo, eta baita Topaguneko zuzendaritzakide ere 2001 eta 2003. urteen artean.
 Gaur egun, 93 euskaltzaleen elkartek osatzen dute Topagunea, tartean Elgoibarko Izarrak.