Kilimon Trail proba jokatu zen atzo Mendaron. Inoiz baino lagun gehiago batu ziren irteera gunean, 200dik gora lagun, hain zuzen ere. Orain arteko gehien izan direnean 153 izan dira. Guztira 204 lagunek lortu zuten 24 kilometro luzeko lasterketa amaitzea, eta Luis Alberto Hernando izan zen azkarrena, 1:51:17 denborarekin. Hau da, bi minutu eta erdian ondu zuen Imanol Goñi iruñearrak 2012an ezarritako errekorra (1:53:48). Goñi bera izan zen lehen kilometroetan probako protagonista. Lasterketa burua hartu zuen laugarren kilometroan eta 18. kilometrora arte eutsi zion lidergoari. Lesio bat gainditu berri du, ordea, eta azken jaitsieran txakalaldia izan zuen. Jarraitzaileek minutu bateko aldea jan zioten bi kilometroko tartean Goñiri. Luis Alberto Hernandok 20. kilometroan laga zuen atzean Goñi eta 22. kilometroan Razgak, helmugatik bi kilometrora.
Mendi lasterketetan Kilian Jornet handiari itzal egiteko gai den korrikalari bakarretarikoa da Luis Alberto Hernando. Mendaron aurkari gogorrak zituen arren, lehen postuan ailegatu zen Mendaroko Herriko enparantzan zegoen helmugaraino. Dena dela, ez zion tarte handiegia atera bigarren sailkatuari, 13 segundora sartu zen eta helmugan Ismael Razga. Lasterketa ausarta egin zuen Razgak, erritmo bizia jarriz lehen metroetatik, eta behera egin gabe erritmoari eusten asmatu zuen gainera. Imanol Goñi sailkatu zen hirugarren postuan, irabazlearengandik bi minutura. Alfredo Gil, Manuel Merillas e Iban Letamendi 5 minututara iritsi ziren helmugara, hurrenez hurren.
•Lautik lau Maiorarentzat
Gizonezkoen lasterketan Hernando zen faborito argia, eta are argiagoa zen emakumezkoen lasterketan Maite Maiora. Aurreko hiru edizioak errenkadan irabazteaz gainera, sasoi puntu itzelean dago antxitxikari mendaroarra. La Vall del Congost maratoia irabazi zuen martxoaren 16an; eta, zapatuan, Mendaroko lasterketa jokatu bezperan, 2014ko Espainiako igoera bertikalen Kopako lehen proba irabazi zuen Oturian, Pirinioetako Tenako bailaran. Gainera, probako errekorra ondu zuen Maiorak, 49:56 denborarekin. (Iñigo Lariz elgoibartarrak zazpigarren postua lortu zuen Oturiako Kilometro Bertikalean eta bigarren postua Hernandok, Mendaroko lasterketako irabazleak).
Hortaz, herriko lasterketa beste behin irabazteko prest eta prestatuta azaldu zen Maiora domekan Mendaron. Pronostikoak bete bakarrik ez, hobetu egin zituen probako errekorra honduz (2:13:36). Sailkapen nagusiko 27. postuan ailegatu zen Maiora helmugara.
- SAILKAPENAK: IV. Kilimon Trail
•ARGAZKIAK:(elgoiBARREN.net, Eider Iriondo eta Iosu Juaristi)
∞Lotura duten albisteak:
- Hernando eta Maiora nagusi Mendaroko I. mendi lasterketan (2011-05-03)
- Maite Maiora eta Imanol Goñi nagusi Mendaroko II. Mendi Lasterketan (2012-04-16)
- Javier Olaberria eta Maite Maiora garaile Mendaroko mendi lasterketan (2013-04-15)