Urte osoko egitaraua Elgoibarko makina-erremintaren mendeurrena ospatzeko

elgoibarren.net 2014ko api. 15a, 17:57

Urte honetan zehar, Elgoibarko industria makina erreminta bihurtu zeneko mendeurrena ekarriko du gogora Elgoibarko Udalak. Burdingintzatik, olagintzatik, forjagintzatik, galdaketatik, erremintagintzatik eta armagintzatik Makina-erremintaren arloko ingeniaritzara igaro zeneko mendeurrena ospatu nahi dute, eta asmo horretan, egitarau zabala prestatu dute 2014rako. (egitaraua dauka)


1706636836674 Urte osoko egitaraua Elgoibarko makina-erremintaren mendeurrena ospatzeko

Alfredo Etxeberria, Elgoibarko alkateak, Xabier Ortuetak, AFMko Zuzendari Nagusiak, Rafael Barrenetxeak, Makina Erremintaren Museoaren Presidenteak, Juan Angel Balbásek, Debegesako Zuzendari Nagusiak eta Pello Arrietak, Elgoibarko historialariak parte hartu dute gaur goizean udaletxeko pleno aretoan eskaini duten prentsaurrekoan (ondoko argazkian).
 Elgoibarko makina-erremintaren mendeurrenaren harira antolatu dituzten ekintzen berri eman dute eta industriako sektore honek gure herrian izan duen garrantziaz aritu dira berbetan. Izan ere, 1914tik 2014ra doan mende honetan, Elgoibar erreferente bihurtu da Makina-erremintaren ekoizpenean.
Elgoibarko makina-erremintaren mendeurreneko egitaraua:
  • IBILBIDE TURISTIKOA: Elgoibarko ondare zibila eta erlijiosoa erakutsiko duen ibilbide turistikoa sortuko dute, eta markatuko dute, herrian. Horrez gain, Elgoibarko historian izan diren industria-enpresen jatorrizko kokapena ere azalduko da ibilbidean. Makina-Erremintaren museoak sustatuko du hila amaitu aurretik martxan jarriko duten ekimena.
  • HITZALDIAK ETA FOROAK: Industriari, historiari, teknologiari, ekonomiari, balioei eta gure kulturari lotutako hitzaldiak eta foroak antolatuko dituzte, Debegesa eskualdeko garapen agentziaren eskutik. Datak zehazteke daude oraindik.
  • ERAKUSKETA KALEAN: Elgoibarko industriaren historiaren berri emango duen makina-erreminta eta elementu zaharren erakusketa bat egingo dute herriko kaleetan. Makinak eta beste elementu batzuk kristalezko kutxetan sartuta jarri dituzte Bolatokiko parkean eta Giza eskubideen plazan. Joan den astean jarri zituzten Altzolatarren dorretxeko ate zaharrak Muguruzatarren arkuaren ondoan, eta gaur bertan jarri dituzte kalean makina erremintarren museotik atera dituzten hamar makina zaharrak. Urte osoan egongo dira horiek erakusgai.
  • IKUS-ENTZUNEZKOA: Elgoibarko industriari buruzko ikus-entzunezko bat egingo dute. Makina erreminta ardatz hartuta Elgoibarrek nola lortu duen produktu propio hau izatea azalduko du ikus-entzunezkoak. Iñaki Ovejerok eta Makina-Erremintaren historialariak arduratuko dira egitasmo honetaz. Irailean aurkeztuko dute.
  • MUSIKA KONPOSIZIOA: Makina erremintari buruzko musika-konposizioa eta performancea sortuko dituzte Aitor Nova musikari elgoibartarraren gidaritzapean, 2014ko abenduan. Makina-erremintako museoan dauden makinekin sortuko dute musika-konpozisioa eta hiru emanaldi eskainiko dituzte museoan bertan. Gero Udal Musika Bandarako bertsio bat ere egingo dute.
  • ARGITALPENAK: Elgoibarko makina-erremintaren historiari buruzko argitalpenak banatuko ditu Elgoibarko Udalak apirileko, maiatzeko eta ekaineko udal aldizkariarekin batera. Pello Arrietak egin ditu.
  • EMAKUMEAK INDUSTRIAN: Emakumeak herriko industrian izan duen paperari buruzko erakusketa. Estarta y Ecenarro (Sigma) enpresan izan zuten protagonismoa nabarmenduko du erakusketa horrek. Elgoibarko Udaleko Berdintasun sailak antolatuko du eta abuztua eta iraila artean jarriko dute.
  • INDUSTRIA ENPRESEN IDEIA LEHIAKETA: Gazteei zuzendutako industria-enpresen ideia lehiaketa antolatuko dute Asmaolak, IMHk eta Udalak, elkarlanean, iraila eta urria artean jarriko dute.

 Informazio osoagoa: Mende bat makina-erremintan (BARREN 903. Zenb. 2014-04-04 PDF)

1706636836785 Urte osoko egitaraua Elgoibarko makina-erremintaren mendeurrena ospatzeko

1706636836945 Urte osoko egitaraua Elgoibarko makina-erremintaren mendeurrena ospatzeko