‘Zortzi ipuin gotiko’ liburua kaleratu du Jon Eugik

elgoibarren.net 2014ko api. 16a, 11:35

 
Beldurrezko istorioak bildu ditu Jon Eugik (Elgoibar, 1971) kaleratu duen azken liburuan: Zortzi ipuin gotiko (Elkar). Izuaren generoan unibertsalak diren gai eta giroak ukitu ditu Eugik, eta Edgar Alan Poe, Robert Louis Stevenson eta Bram Stoker dira ipuin-liburu honetako narrazioak idaztean aintzat hartu dituen ereduetako batzuk.


Xabier Mendiguren editorea eta Jon Eugi liburuaren aurkezpenean.

Edgar Allan Poe, Robert Louis Stevenson edo Bram Stoker idazleen itzala aipatu zuen liburuaren aurkezpenean Xabier Mendigurenek, Elkar argitaletxeko editoreak. “Ez da kasualitatea. Ezta nor bere buruari laudiorioak botatzea. Tradizio horren barruan sartu delako Jon Eugi ipuin hauekin, liburuko titulutik hasita”. Tradizio horri jarraipena emanez, “genero bat aukeratu du eta genero horren lege, ohitura eta usadioen arabera idatzitako liburua da Zortzi ipuin gotiko ipuin bilduma”, Mendigurenen esanetan.
 Gazte-talde batek Halloween gauean hilerrira egindako bisita, etxe sorginduak, madarikazioak, funeraria bateko langilearen ezustekoak, mamuak eta deabruak… Idazleak hainbat gai eta giro erabili ditu irakurlearen izu-sentimendua pizteko. “Idatzi nuen lehenengo ipuina ‘Hilerria’ izenekoa izan zen. Bide horretatik jarraitu nuen eta gero etorri ziren besteak” azaldu zuen Eugik aurkezpenean. Beldurrezko generoan erabili izan diren gaiak eta giroak baliatu dituela aitortu arren, bere ukitu pertsonala eman diela nabarmendu zuen liburuaren aurkezpenean. Kasuren batean, baina, ‘Sorgin etxea’ izenburuko ipuinean esaterako, begizko madarikazioa eta kuttunen kontuak sartuz gure tradiziora hurbildu da.
  Generoko zinearekin alderatuz, “literaturan denbora eta esaldi dezente erabili behar dira egoera bat planteatzeko, horregatik irakurlea beldurtzea ez ezik, irakurlea irakurketarekin gozarazten saiatu naiz eta horretarako idazketa aberatsa erabili dut, generoak ahalbidetzen baitu halako estiloa erabiltzea”, azaldu zuen Jon Eugik.
 Kazetaria da Jon Eugi, eta orain arte abenturazko nobela bat (Piraten uhartea, 2009) eta haurrentzako ipuin bat (Animaliakeriak, 2011) argitaratu ditu.
 
∞Lotura duten albisteak: