Astigarraga jubenil nesken taldeak Espainiako Txapelketa jokatuko du asteburuan, Granollersen

elgoibarren.net 2014ko api. 23a, 16:55

 Asteburu gogorra du aurretik Sanloko Astigarraga jubenil nesken taldeak. Euskadiko Txapelketan hirugarren eginda, Espainiako Txapelketarako sailkatu ziren, eta iritsi zaie eguna. Gaurtik domekara bitartean jokatuko dute txapelketa. Guztira, 32 talde lehiatuko dira, zortzi multzotan, eta elgoibartarrak BM Granollers, Kanarietako Kia Arimotor Teide eta Aragoiko BM Maristas taldeen kontra ariko dira.   

Barixakuan izango du estreinako partida, Kataluniako Ligan hirugarren dagoen BM Granollers taldearen kontra, eta zapatuan Aragoiko BM Maristasen kontra lehiatuko dira. Domekan, berriz, kanariarrak izango dituzte aurkari. 
•Eskubaloi Eguna, maiatzaren 1ean 
Maiatzaren 1ean Eskubaloi Eguna ospatuko dute, Kalegoen plazan. Benjamin eta alebin mailako neska-mutilentzat antolatutako jardunaldia izango da, eta goiz eta arratsaldez egingo dira ekintzak. Eguerdian, gainera, elkarrekin bazkalduko dute plazan hala nahi dutenek. Jatekoa norberak eraman beharko du, eta postea eta edaria Sanlok jarriko ditu. Aurten, gainera, Eskubaloi Egunean parte hartzen dutenek lotara Aubixara joateko aukera izango dute (plazak bete arte). Horretarako, baina, 25 euro sartu beharko dira Kutxabanken kontu korronte honetan: ES57 2095 5036 51 1064353542. Antolatzaileek jakinarazi dute, baina, Aubixara joaten direnak han bertan jaso beharko direla hurrengo egunean, ez baitute itzulerarako autobus zerbitzurik izango. Interesatuek Sanloren webgunean eman dezakete izena, taldeka: www.sanlo.net