Debabarrena BTT Zentroko ibilbideak ezagutzen izan dira Canal + telebista katekoak

elgoibarren.net 2014ko mai. 7a, 14:35

 
Debabarrena BTT Zentroa eta honek eskaintzen dituen ibilbideak ezagutzera etorri dira Elgoibarrera Canal + kateko Planeta Bike saiokoak. Futbolak ospea eman zion Rafa Alkorta bilbotarra da txirrindularitzari buruzko Planeta Bike saioko aurkezleetariko bat. Programarako irudiak grabatzen aritu da gaur goizean Mintxetan.



 Planet MTB aldizkariko Chus Castellanos aditua buru zutela, -aurrez ere egin dituzte Debabarrenako BTT zentroari buruzko erreportajeak aldizkari espezializatuan- Canal + kateko Planeta Bike saioko hainbat lagun zentroa eta honek eskaintzen dituen ibilbideak ezagutzen aritu dira azken lau egunetan. Gaur goizean Mintxetako harrera gunean grabatu dituzte saiorako irudiak. Rafa Alkorta, Athleticeko eta Real Madrileko jokalari ohia, da saioko aurkezleetariko bat. Debegesako turismo saileko arduraduna den Cristina Iturriagagoitiaren azalpenak jaso dituzte Mintxetan (goiko irudian) eta ibilbideetako bat egitera joan dira gero.

Rafa Alkorta eta Chus Castellanos Mintxetan.

Planeta Bike saioa maila guztietako bizikleta zaleei zuzenduta dago, eta bizikletan egiteko ibilbideak erakustea du helburu. Oro har, bizikletari loturiko esparru guztiak lantzen dituzte. Hamabost egunean behin ematen dituzte atal berriak, Canal + Deportes, Canal + Deportes 2 HD eta Sportmania kateetan. Gainera, saio bakoitza hamabost alditan errepikatzen dute gero.
Debabarrenako BTT Zentroari buruzko saioa maiatzaren 23an eskainiko dute estreinakoz. 
 
*Argazkiak: Debegesa.