Ehundik gora umek jasoko dituzte dominak zapatuan, Morkaikoren Egunean

elgoibarren.net 2014ko mai. 8a, 11:36

Morkaiko mendizale elkarteak Morkaikoren Eguna antolatu du zapaturako (maiatzak 10). Azken urteetan bezala, Elgoibarko mendi itzulia, itzulitxoa eta finalista eguna ospatuko dituzte. (argazkiak eta bideoa dauzka)


 Elgoibarko mendi itzulia nagusientzako itzulia da. 38 kilometro ditu ibilbideak, eta partaideek 2.000 metro inguruko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Haurrentzako, berriz, itzulitxoa prestatu dute. Morkaiko mendira (520m) igo, Aiastian indarrak berreskuratu eta Elgoibarrera jaitsiko dira berriro ume eta gurasoak.

Finalista Eguneko dominak
  Eguerdi partean, finalista eguneko dominak banatuko dizkiete umeei, urtean zehar egindako mendi kopuruaren arabera sailkatuta. 105 bat umek jasoko dituzte aurten dominak. Orain arte Pako Iriondok banatzen zituen dominak, baina aurten Sabin Txurrukak eta Javier Etxeberriak banatuko dituzte.
Izena emateko
 Morkaiko Egunean parte hartzeko izena eman behar da. Iaz inoiz baino lagun gehiago batu zituen Morkaikoren Egunak eta aurten ere mendizale asko espero dituzte antolatzaileek. Momentuz 100 bat lagun apuntatu dira mendi itzulia egiteko, eta itzulitxorako 70 ume eta 80 guraso daude izena emanda. Dena den, aurrez izena eman ez dutenek, zapatuan bertan ere izango dute aukera: 18 urtetik beherakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte (bazkideek, 7 euro), eta gainerakoek 17 euro (bazkideek, 13 euro). Lagun asko espero dituzte Morkaikokoek zapaturako eta antolakuntzan laguntzeko prest dauden herritarrei dei egin diete. Mendizaleei parrokiako arkupeetan emango dieten bazkarirako behar dute laguntza batez ere.
*Egitaraua:
  • 6:00 Elgoibarko Itzuliko irteera, Kalegoen Plazatik.
  • 9:00 Elgoibarko Itzulitxoaren Irteera, Kalegoen plazatik. (10:00etan Idotorbetik hasten direnak).
  • 12:00 Elgoibarko Itzulitxokoak Aiastiako anoa postuan mokadutxoa egingo dute.
  • 13:00 Elgoibarko Itzulikoen bazkariak hasiko dira (entsalada, haragi gisatua, postrea). Parrokiako arkupeetan.
  • 13:30 Finalista Eguneko dominen banaketa, Kalegoen plazan.
  • 14:00 Umeen bazkaria (pasta tomatearekin eta postrea). Parrokiako arkupeetan.
  • 15:00 Atxutxiamaikakoekin jolasak umeentzat, Kalegoen plazan. 
  • 17:00 Morkaikoren Eguneko argazkia aterako dute Kalegoen plazan.

Argazkiak (2013ko Morkaikoren Eguna):

 

Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak