Maite Maiorak bigarren postua lortu du 73 kilometroko Trasvulcania mendi lasterketan

elgoibarren.net 2014ko mai. 12a, 13:43

 
Maite Maiora mendi lasterketen munduko elitean dago, ezbairik gabe. Munduko espezialista indartsuenetarikoak batu dira joan den asteburuan Las Palmasen (Kanaria Handikoa), Transvulcania mendi lasterketa entzutetsuan parte hartzeko, eta, emakumeen proban Anna Frost Zeelanda Berriko antxitxikariak bakarrik hartu dio aurrea Maiorari. Josu Juaristik ateratako ondoko argazkian ikus daitekeen moduan, bigarren postua lortzeko lehian izerdia eta odola laga ditu Maiorak Las Palmaseko mendi bide malkartsuetan. 

 

 Nazioarteko zirkuituaren barruan dago proba bat eta indarra hartzen hasi da bestea, baina gutxi falta izan da batean zein bestean garaile berberak izateko: Maite Maiora eta Luis Alberto Hernando gailendu ziren Kilimon Trail mendi lasterketaren azken edizioan eta, txapeldunorde eta txapeldun izan dira, hurrenez hurren, Transvulcania proba entzutetsuan. Hernandok, gainera, espezialitateko dominatzaile handiena den Kilian Jornet hartu du mendean Kanarietan. 

•Elitean lekua eginez

1706636793747 Maite Maiorak bigarren postua lortu du 73 kilometroko Trasvulcania mendi lasterketan

Emakumeen lasterketari dagokionez, azken bi edizioetako irabazleak ziren proba irabazteko faborito nagusiak: Emilie Forsberg (2013) suediarra eta Zeelanda Berriko Anna Frost (2012). Suediarrak, baina, erorikoa izan zuen probako lehen kilometroetan eta bertan behera laga behar izan zuen proba. Maite Maioraren izena gure mugetatik kanpo ere ezagutzera ematen ari da poliki-poliki, eta, hala, ezustekoa emateko gai ziren antxitxikarien zerrendan sartzen zuten adituek.

 Ez zuten pronostikoetan hutsik egin. Lehen parte hartzea zuen arren, lasterketa bikaina egin zuen Maiorak eta zortzi ordu eta  20 minutuan amaitu zuen 73 kilometroko ultra trail proba. Anna Frost irabazleak baino 10 minutu gehiago behar izan zituen. Uxue Fraile euskalduna sailkatu zen hirugarren postuan (8:48). 

Pozik eta osorik
 Lasterketa gogorra izan zela azaldu du Maite Maiorak, batez ere buruarentzat, “ez bainekien nire gorputzak nola erantzungo zuen horrenbeste kilometroko proba batean”. Bistan da zalantzak uxatu dituela eta froga gainditu duela. “Oso pozik nago eta osorik gainera”, adierazi du Kanarietatik bueltan. Pozik egin duen markarekin eta munduko onenekin lehiatzeko aukera izan duelako. Era berean, Kanarietan jaso duen tratua eta babesa nabarmendu ditu. “Ibilbidea izugarri ederra zen eta irteera ikusgarria, gauez eta frontalekin ekin genion-eta probari. Gero ibilbide guztian zehar jaso genituen ikusleen animuak”. 
•Zegama Aizkorri maiatzaren 25ean
 Zegama Aizkorri mendi maratoia izango da Maioraren hurrengo erronka, Maiatzaren 25ean. "Ikusiko dugu nola errekuperatzen naizen Kanarietan eginiko esfortzutik, baina gogo handia dut horren berezia den proban parte hartzeko. Gainera, Transvulcania proban parte hartu eta horren emaitza ona lortzeak handitu egin du nire buruarengan dudan konfiantza".
  Ainhoa Lendinez kazetari elgoibartarrak Zegama Aizkorri proban parte hartuko duten 14 euskal korrikalari elkarrizketatu ditu, Berria egunkarirako, tartean Maite Maiora eta Iñigo Lariz. Antxitxikarien erantzunak elgoiBARREN.net atarian duen blogean ere ikus ditzakezue.