600 lagunen langa ere gainditu du aurten Morkaikoren Egunak. Urtetik urtera gora egin du partaideen kopuruak eta aurten ere eskuak bete lan izan dituzte mendi taldeko kideek.
Ohi duten legez, eguna argitu aurretik hasi zuten mendizaleek Morkaikoren Eguna. Goizaldeko 6:00etan 280 lagun batu ziren Kalegoen plazan, Elgoibar mendiz mendi inguratzeko prest. Elgoibarko Itzulian parte hartu zuten lagunek ez zuten eguraldiaren aitzakiarik izan, eta paisaia ederrez gozatzeko aukera izan zuten itzuliak dituen 38 kilometroko ibilbidean. Morkaiko menditik eta Iruiturritik pasa zirenean, gainera, Elgoibarko Itzulitxoa egiten ziharduten lagunekin gurutzatzeko aukera izan zuten Elgoibarko Itzuliaren azken txanpa egiten ari ziren hainbat lagunek.
Inoiz baino lagun gehiagok parte hartu du aurten umeen eta gurasoen artean mendizaletasuna sustatzeko helburua duen Itzulitxoan. Ume horietako askok, gainera, urtean zehar igotako mendiengatik errekonozimendua jaso zuten gero plazan, Finalista Eguneko domina banaketa ekitaldian (goiko argazkian). Mendizale elgoibartarrak saritu ostean, parrokiako arkupeetan bazkaldu zuten ume zein nagusiek.
•ARGAZKIAK:
•Morkaikoren Eguneko argazkiak eta bideoak
•Mendi Itzuliko argazkiak eta bideoak