Jaia eta aldarrikapena uztartu zituen zapatuan Mendaron Gure Esku Dago egunak

elgoibarren.net 2014ko mai. 13a, 14:54

Mendaro jaiko jantzi zen zapatuan. Gure Esku Dago batzordeak erabakitzeko eskubidearen aldeko eguna izendatu zuen zapatua eta herriko hainbat elkarte eta norbanakoren laguntzarekin, egun osoko jai-egitaraua antolatu zuten. (argazkiak eta bideoa dauzka


 Bizi-Poza txarangaren kalejirarekin hasi zuten eguna, eta herri-kirol saioak eman zion segida. Bi taldetan banatuta, trontzan, lokotx batzen, harri jasotzen eta zaku karreretan jardun zuten Mendaroko herri-kirol taldekoek, eta ondoren, Gure Esku Dago ekimenaren aldeko argazki handia atera zuten mendaroarrek plazan.

1706636791498 Jaia eta aldarrikapena uztartu zituen zapatuan Mendaron Gure Esku Dago egunak

Zalantzarik gabe, baina, herri-bazkaria izan zen eguneko lehen zatiko ekintzarik ikusgarriena. 130 lagunek zuten bazkaritarako txartela erosita, baina umeak batuta, 150dik gora lagun batu ziren frontoian, jai-giroan elkarrekin bazkaltzeko. Inoxentzio pailazoak, bertsolariek eta trikitilariek girotu zuten bazkalostea, eta pailazoaren aginduz, eskutik heldu eta olatuak eginez jardun zuten bazkaritara bildutakoek. Gure Esku Dago kantua ere abestu zuten guztiek elkarrekin, trikiti-poteorako berotze aldera. Santanetako zapi berdearen ordez, Gure Esku Dagoko kamisetak jantzi zituzten Mendaroarrek eta gogotik egin zuten dantza gauean Eromeria taldeak lehenengo eta DJak gero jarritako erritmora. Askok goiza argitu arte luzatu zuten eguna.

Errifaren zozketa
Gauean, errifaren zozketa ere egin zuten Gure Esku Dago taldekoek eta 807 zenbakia irten zen saridun. Txomin Longarte mendaroarrari egokitu zaio saria: Debako Aisia Kresala talasoterapian bi lagunentzako zirkuitua eta masaje lasaigarria.
80 metro saldu zituzten
Gure Esku Dago batzordeko lagunek oso balorazio positiboa egin dute zapatukoaz, eta jakinarazi dute 80 metro gehiago saldu zituztela zapatuan. Momentuz beraz, 180 mendaroarrek erosi dute ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko dituen giza-katerako, eta 250era iritsi baietz erronka jarri dute Mendaron herri dinamika hau sustatu dutenek. Era berean, eskerrak eman dizkiete zapatuko ekintzetan parte hartu zuten mendaroarrei eta jai-giroa jartzen lagundu zuten herriko talde eta norbanakoei.
ARGAZKIAK: