Munduko Skyrunning Koparako puntuagarria zen aurten ere Zegama-Aizkorri mendi maratoia, eta hori dela-eta, munduko mendi lasterkari onenak batu dira gaur goizean Zegamako irteeran. Horien artean zegoen Stevie Kremer estatubatuarra, Munduko Kopako egungo txapelduna. Berak irabazi du emakumezkoetan maratoiaren XIII. edizioa, iaz Zegaman lortu zuen hirugarren postua onduz.
Kremer bera, Kasie Elman herrikidea eta Emilie Forsberg suediarra izan dira indartsuenak lasterketaren lehen zatian. Aizkorriko puntara Kremer iritsi da lehen postuan eta atzean laga ditu Enman zein Forsberg. Iaz ere lehen zati indartsua egin zuen Kremerrek, baina txakalaldia izan zuen amaieran. Halakorik berriz ez errepikatzeko beldurragatik beharbada, abantaila kudeatzeari ekin dio Kremerrek eta une horretara arte errekorra ontzeko denborak ezartzen ari bazen ere, errekorretik zortzi minutura iritsi da helmugara, 4:46:43 denborarekin.
Atzetik bazirudien Elmanek eta Forsberrek osatuko zutela podiuma, baina Elisa Desco zein Maite Maiora indarrez ailegatu dira azken txanpara, eta atzetik aurrera eginez, bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu dira, irabazlearengandik lau eta bost minutura, hurrenez hurren. Forsberg-ek, iazko txapeldunak, hortaz, laugarren postuarekin konformatu behar izan du, azken hiru edizioetan podiumetik jaitsi gabe zegoen arren.
Gauzak horrela, Maioraren hirugarren postuak balio eta meritu handia du, puntako mendi lasterkariekin lehian lortutako emaitza baita.