Lauko Elgoibar Gipuzkoako Kopako txapeldun, Igor Lizarralde entrenatzailearen agurrean

elgoibarren.net 2014ko mai. 27a, 19:08

Sanlo eskubaloi taldeko senior emakumezkoen taldeak, Lauko Elgoibarrek, irabazi du Gipuzkoako Kopako txapelketa. Elgoibartarrek mendean hartu zuten Donostiako Bera-Bera taldea, eta markagailuan bikoiztu egin zituzten donostiarrak (33-16). Laukoren denboraldiko azken partida gainera, Igor Lizarralderen azkena izan da, entrenatzaile kargua lagako duela esan baitu.


 Lauko Elgoibar taldeak Zilarrezko Ohorezko mailan jokatu du estreinakoz aurten, sekula jokatu duten mailarik gorenean, alegia. Hamasei jardunalditan zazpi partida irabazi eta bederatzi galdu ostean, sailkapeneko seigarren postuan amaitu zuten Liga txapelketa, eta honenbestez, mailari eusteko helburua lortu zuten. Denboraldia, baina, ez zen hor amaitu.
 Liga amaitu eta gero Gipuzkoako Kopa jokatu du Laukok, eta finalera ailegatzea lortu zuen. Finala Zumaiako Lubaki kiroldegian jokatu zuten, joan den zapatuan (maiatzak 24), Lauko Elgoibarrek eta Bera-Berak. Elgoibartarrak nagusi izan ziren eta 33-16 irabazi zieten donostiarrei.

•Entrenatzailearen agurra

Igor Lizarralde senior emakumezkoen taldeko entrenatzailea izan da azken hiru urteetan.

Titulu bat eskuratuz esan dio agur Laukok denboraldiari, azken hiru denboraldietan taldeko entrenatzailea izan den Igor Lizarralde agurtzeko modurik onena, taldeko entrenatzaile izateari lagako diola jakinarazi baitio Lizarraldek klubari. Eskerrak emanez agurtu nahi izan du. “Eskerrak nahi dizkiet azkenengo hiru urte hauetan nirekin egon zareten jokalari guztiei. Ohore handi bat izan da zuekin lan egitea, eta baita lortu ditugun gauza guztiak elkarrekin ospatzea ere. Eskerrik asko. Era berean, ez nituzke ahaztu nahi Lorea, Josu, Iban, Ales, zuzendaritza talde zoragarria osatzen duten kideak, eta nola ez, guraso guztiak, hor izan ditugulako, babesa ematen, partida guztietan”.

 Eskola kiroleko gaztetxoak entrenatzen hasi zen Igor Lizarralde 16 bat urterekin, eta orduan lotu zitzaion eskubaloiari. Euskadi mailako entrenatzaile titulua atera eta Sanlo eskubaloi klubean sartu zen. Hainbat eta hainbat talde entrenatu ditu ordutik, eta azken hiru urteetan senior nesken taldeko entrenatzailea izan da. Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzea lortu zuten iaz, eta estreinakoz jokatu dute aurten maila horretan. “Iazko lorpenaren ostean, lasai erretiratu naiteke” adierazi zuen Lizarraldek BARREN aldizkariari joan den martxoan eskaini zion elkarrizketan. Berba horiek esan eta gutxira jakinarazi du entrenatzaile izateari lagatzeko erabakia.