Mery May proiektuaren atzean Arrasateko neska bat dago: Maria Fagan Sagasta (Arrasate, 1989). 2009an hasi zuen musika ibilbidea, gitarra eta ahotsa lagun zituela, eta ordutik bakarkako emanaldiak zein bandarekin egindakoak tartekatu ditu. Elgoibarrera, bandarekin etorriko da. Aitor Etxaguibel (Foxy Boxxi) eta Mikel Azkargorta (Mahaster river) musikarien laguntza izango du.
Dreams izenekoa izan zen Mery Mayren aurreneko lana, eta iaz argitaratu zuen bigarren diska: Rue Matignon. Azken diska hau lagun musikariekin batera grabatu du, eta bere melodiengatiko lilura guztiz alde batera laga gabe, gitarrarekin beste doinu paisaia batera salto egin du. Estiloari dagokionean, ingelesez abesturiko folk erritmoetatik pop giroetara pasatzen da Mery May, baina bere kantuek rock zipriztindua ere badute.