Elgoibarko Udalak ia bikoiztu egin du Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako dirua

elgoibarren.net 2014ko mai. 30a, 07:23

Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, gora egin dute “nabarmen” Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL) eskaera kopuruek azken hiru urteetan: 2011n, 79.303 euro zuzendu zituzten GLLetara, 81 familiari lagundu ahal izateko; eta, 2013an 154.245 euro 108 familiari laguntzeko.


 Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) Eusko Jaurlaritzaren menpe daude, nahiz eta gero herriei dagokien horiek onartu, ezeztatu eta ordaintzea. Jaurlaritzak emandako dirua eskaerei erantzuteko nahikoa ez bada, falta den dirua Udalek jartzen dute, horretarako aukerarik baldin badute. Krisi ekonomikoaren ondorioz, gizarte laguntzak eskatzen dituzten herritarren kopurua hazi egin da eta halaxe izan da Elgoibarren ere.
•2011n baino 27 familia gehiagok jaso zuten laguntza 2013an
 ElgoibarkoUdalak diru gehiago jarri behar izan du azken urteetan. 2011 urtean 79.303 euro bideratu zituzten Elgoibarren GLLetarako; 71.544 euro Eusko Jaurlaritzaren ekarpena izan zen eta 7.759 euro Elgoibarko Udalarena. 2013an, berriz, ia parekatu egin da bien ekarpena: 80.495 euro Jaurlaritzak eta 73.749 euro Elgoibarko Udalak. Hau da, guztira 154.245 euro bideratu zituzten iaz Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara Elgoibarren.
2014rako aurreikuspenak
 Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak azaldu duenez, Jaurlaritzak mantendu egin du bere ekarpena azken hiru urteetan eta 2014rako ere aurreko urteetan baino gehiago jarriko du, ia 89.000 euro. Hala eta guztiz ere, ez da eskaerari erantzuteko nahikoa. “Familia asko krisiaren eraginez gaizki pasatzen ari direla erakusten dute datu hauek, eta Udalak erantzukizunez jokatu behar du”, esan du Etxeberriak. 2014rako 35.000 euroko diru partida aurreikusi zuten aurrekontuetan GLLetarako, baina hortik gora beharko dena jartzeko moduan izango direla azaldu du alkateak.
Etorkinak eta bertakoak
 Kalean maiz entzuten duten zurrumurru bat gezurtatu nahi izan du Etxeberriak. “Atzerritarrek jasotzen dutela laguntza guztia entzuten da kalean. Bada, hori esaten dutenei argi eta garbi esan nahi diet GLLak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek bakarrik jasotzen dituztela laguntzak, eta baldintzak unibertsalak dira, guztiontzat berdinak, hor ez dago inolako diskriminaziorik”. Ildo beretik, datuei erreparatuz, aldatzen ari den joera baten berri eman du alkateak. “Lehen bertakoek egiten zituzten eskaera gehienak, baina 2012tik hona atzerritarrek egiten dute eskaera gehien. Krisiarekin gaizkien pasatze ari direnak dira-eta”. Elgoibarrek 11.551 biztanle ditu eta 850 dira erroldatutako etorkinak, biztanleriaren %7,35. 2013an 59 familia etorkinek jaso zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza. Lagundu zituzten bertako familiak, berriz, 49 izan ziren, Udalak emandako datuen arabera.