Gure Esku Dago Eguna egingo dute zapatuan Elgoibarren

elgoibarren.net 2014ko mai. 30a, 10:17

 
Dena prest dago ekainaren 8an Durango eta Iruñea eskuz esku batuko dituen giza katerako. Debabarreneko herriei, tartean Elgoibarri eta Mendarori, Bergarara joatea egokitu zaie, eta egun handirako motorrak bero mantentze aldera, hainbat ekintza antolatu dituzte biharko Elgoibarren. (egitaraua eta bideoa dauzka)

 

 Metroak, kamisetak eta zapiak eskuratzeko aukera badago oraindik. Mendaron mahaia jarriko dute gaur plazan, 18:30etik aurrera, eta Elgoibarren goiz osoko egitaraua antolatu dute biharko (maiatzak 31), giza katea osatzeko eguna gainean dugula gogorarazteko. Kalegoen plazan mahaia jarriko dute eguerdian, metroak eta kamisetak saltzeko, eta horren bueltan hainbat ekintza egingo dituzte. Hona hemen biharko egitaraua:
  • 12:00 Salmenta mahaia Kalegoen plazan, eta pinak egiteko aukera.
  • 12:30 Burutxiki handiak eta txorizo-pintxoak, Kalegoen plazan.
  • 13:30: Giza katea Kalegoen plazatik behera, trikitilariek lagunduta.
  • 14:00: Agurra, kantu eta bertsoekin.
50.000 laguneko muga gaindituta
 Zortzi egun falta dira ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko 127 kilometroko giza katea osatzeko, eta Gure Esku Dago dinamikak jada bete du ibilbidea osatzeko adina lagun. 50.000 pertsona behar zirela nabarmendu zuten antolatzaileek iazko ekaineko aurkezpenean, eta langa hori gainditu dutela jakinarazi dute. 700 autobusetik gora daude baieztatuta eta 2.500 boluntario ariko dira antolakuntza lanetan. Elgoibarri eta Mendarori dagokionez, 210 metro saldu dituzte Mendaron eta 475 metro Elgoibarren.
Autobus zerbitzua
 Debabarreneko herriei, tartean Elgoibarri eta Mendarori, Bergarara joatea egokitu zaie, eta ikusita egun horretan jendetza handia mugituko dela, inguruko herri-batzordeek autobus zerbitzua ere jarri dute Bergarara joateko (informazio osoagoa hemen). Izan ere, Bergara da ibilbide osoan egongo diren bost gune nagusietako bat, eta gainera, Pentekostez jaiak ere badira han.

Gure Esku Dagoren iragarkia
Gure Esku Dago mugimenduak iragarkia sareratu du. Aitor Ortizek zuzendu du, eta Labrit Multimediak eta Gure Esku Dago mugimenduak egin dute, elkarlanean.