Javier Landerasen argazki erakusketa, gaurtik hilaren 14ra arte

elgoibarren.net 2014ko mai. 30a, 12:31

 
Javier Landeras (Bilbo, 1965) argazkilariaren argazki erakusketa zabalduko dute gaur (maiatzak 30) Elgoibarko Kultur Etxean. 20:00etan inauguratuko dute erakusketa eta Landeras bera etorriko da Elgoibarrera, bere lana aurkeztu eta azaltzera. Kyoto Rikyu jarri dio izena erakusketari.


 Kyoto Rikyu izenak Kyotoko bi hiribildu inperialei egiten die aipamena: Katsura Rikyuri eta Shugaku-in Rikyuri. Horiek dira Kyoto hiriko adibide esanguratsuenak, paisaiaren arkitektura tradizionalari dagokionez.
 Katsurako (1616-1658) hiribildu inperiala Gomizuno enperadorearen tartekoa zen Hachijo sendiko Toshihitok eraikiarazi zuen. Bertan arkitektura eta naturaren arteko harmonia nabarmentzen da, soiltasuna bilatzen, neurritasuna eta erabateko dotorezia formala. Eraikinen arkitekturak bat egiten du lorategikoarekin, ezin hobeki dira nahasten. Erakusketan te pabiloi bi eta lorategiko ikuspegiak daude ikusgai. Shugakuko hiribildua (1655-1659) Gomizuno enperadorearen aginduz eraiki zen. Hiru lorategi ditu, batean laku artifizial bat duelarik eta Japoniako lorategi tradizionaletan handienetakoa da.
 Baliabide kimikoen bitartez kromatikoki eraldatutako irudiek, XIX. mendean eskuz koloreztatutako argazkiei egiten die erreferentzia, Kusakabe Kinbei edo Felice Beato bezalako autoreen lanei.
  • Kultur Etxeko erakusketa gelan jarriko dute ikusgai Ongarri Argazki taldeak antolatu duen erakusketa, ekainaren 14ra arte. Astelehenetik zapatura egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era.