Gutun irekia ama hilberriari

elgoibarren.net 2014ko mai. 30a, 16:10

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagi elgoibartarrak gutun bidez omendu nahi izan du maiatzaren 17an hil zitzaion ama, Lolita Mondragon. Amari eskainitako gutun irekia Arnaldo Otegiren webgunean argitaratu dute osorik. Ondoko irudian, aitarekin batera ageri da Otegi, ama zuenaren hiletarako eskatutako baimena tarteko, -joan den eguenean- aitaren etxera ekarri zutenean ateratako argazkian.


1706636748278 Gutun irekia ama hilberriari

arnaldotegi.com webgunean, Otegiren gutun irekiarekin batera, erretratu zahar bat  ere jarri dute. Erretratuan, eserita, beltzez jantzita dagoen emakumea Arnaldo Otegiren amona da (Nieves Sanchez), eta bere ondoan duen neskatxa da Lolita Mondragon, Otegiren ama zena. 36ko Gerran faxisten tropak sartu zirenean ateratako argazkia da, Erich Andres argazkilari alemaniarrak ateratakoa. Elgoibar1936 elkartekoek berreskuratutako argazkietako bat da.

Hona Hemen Arnaldo Otegik ama hilberriari eskainitako gutuna osorik:

Agur ama maitea:
Beti pentsa arazi izan dit gure Jon Idígoras ahaztezinak nola afanez esaten zuen bera Joanita Gerrikabeitiaren semea zela. Egiazki uste dut jarrera horrekin gure Jonek bere ama omendu nahi zuela, Herriak eskaini zizkion txalo, gorespen eta esker on guztiak beretzat baino gehiago zirela bere amarentzat eta familiarentzat.
Nire betiko Jon ahaztezinari gustatuko litzaioke, ziurrenik, berriro ere errepikatuko banu “ balizko gizon handi baten atzean beti ere emakume handi bat dagoela” esaldiaren ondoan guk nahiago genuela esatea gu pertsona duin eta miresgarritzat hartzen gintuztenek ez gintuztela zinez ezagutzen eta, edozein modutara ere, ziurra zela balizko edozein gizon handiren atzean edo ondoan emakume edo familia harrigarri bat dagoela.
Horregatik, gaur Lolita Mondragón nire amaren seme lez hitz egin nahi dizuet. Tristuraren erdian, inoiz ahaztuko ez dudan haren bizitzako pasarte bat partekatu nahi dut zuekin: 4 edo 5 urteko umea zelarik Duesoko presondegira egin zuen bisita amarekin ( Nieves, nire amama). Han zegoen preso Fidel nire osaba, tropa faxistek preso hartu ondoren. Tropa faxistak aipatzen ditut, 1940ko gertaeraz ari naizelako; gaur egun ez nituzke hala izendatuko, “ bizitza guztiko demokratak” ziren tropak baizik.
Nire amak beti gogoratzen zuen presondegira sartzean agindu zietela han espainieraz hitz egin behar zutela; baita presoak lurrean etzanda eta pilatuta zeudela ere. Nire amama, negarra begietan, haren semearengana hurbildu zen eta hala galdetu zion nire amak: zu zara nire anaia? Eta musu bat eman zion.
Gaur, ia 80 urte geroago agur egin ahal izan diot ordubeteko bisita batean Mendaroko ospitalean nire amari. Oso gogorra izan da, tristea baina baita ahaztezina ere. Aurretik inoiz ez bezala besarkatu eta ferekatu dugu elkar. Giro hura Kant-ek egingo lukeen bezala definitu nezake: edertasun sublimea…areago, han Macondoko lurretan Garcia Marquezi lagun egin zioten tximeletak ikusi uste izan ditut ospitaleko gelanGaur, bere anaia anarko-komunista Dueson bisitatu zuenetik 80 urtera, Logroñon preso daukan semea, neu agurtu nau eta bitartean han dabiltza joan-etorrian Cantabriako presondegi hartan Rafa Diez eta Isma Arrieta eta beste ehundako aberkidek gauza bera egiten dute espainiar eta frantziar estatuetako hamarnaka presondegitan.
Gaur, ez dut hori ukatuko, mina, errabia eta ezintasuna sentitzen ditut; errazena eta ulergarria ere bai, neurri batean, arrankura eta gorrotoaren amildegian jaustea litzateke, baina munduko minik zolienak ere ez dit adimena lainotuko. Ez, horretan ere ezberdinak gara eta hala izan behar dugu… izan ere, Che zenak iraultzaileei esan zien bezala giza generoarekiko maitasun sentimendu handiak eta sakonak ditugu gidari.
Eta nik, iraultzan ikasle izateaz gain, maitasuna baino ez dut jaso nire amarengandik eta bizi naizen artean izango dut bera nire pentsamenduan.
Beragatik eta seme-alabak Euskal Herri libre batean ikusi gabe hil ziren aita eta ama guztiengatik ( Xabier, Garratz, Txoritxu, Santi, Gari-renak, adibidez…) haien errautsen ondoan gereziondo bat landatuko dugu euskal lurrean. Izan ere, nahigabeak nahigabe, iritsi da gerezien sasoia! Lolita Mondragón nire ama maiteari zor diot, bizitza zor diodan bezala. Horregatik, gereziak gorriagoak izango dira datorren urtean.