Cara Amon kilometro bertikala irabazi du Iñigo Larizek Lleidako Pirinioetan

elgoibarren.net 2014ko eka. 3a, 17:26

 
Cara Amoneko seigarren kilometro bertikala jokatu zuten, joan den zapatuan, Barruera herrian, Lleidako Pirinioetan. 4,7 kilometroko ibilbidean 1.380 metro igo behar zituzten parte hartzaileek eta Iñigo Lariz izan zen Roies de Cardet mendiko tontorrera iristen azkarrena. Gainera probako errekora hondu zuen.



  Barruera herritik irten, 1080 metrora, eta Roies de Cardet mendiaren tontorrera, 2.450 metrora, igo behar zuten Cara Amon kilometro bertikalean parte hartu zuten antxitxikariek. Hau da, 1.380 metroko desnibela gainditu behar zuten 4,7 kilometroko ibilbidean. Horrelako ibilbideak dira, baina, Iñigo Larizen ezaugarrietara hobekien moldatzen direnak. Zerbaitegatik da Kilometro Bertikalen Espainiako egungo txapelduna.
 Lleidako Boi haranean jokatu zen Cara Amon kilometro bertikalean ere bera izan zen jaun eta jabe, eta errekor berria ezarri zuen: 52 minutu eta 30 segundo. Texeido anaiak sailkatu ziren bigaren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.