Eskubaloi denboraldia amaierara iristear da, eta hainbat titulu jokoan dauden sasoi honetan. Joan den asteburuan esaterako, lau titulu izan dituzte jokoan Sanloko taldeek: Gipuzkoako Kopako finalak jokatu dituzte Alcortak, Gabazek eta Casa Astigarragak, eta Espainiako Txapelketaren azken fasea Tecnifuellek.
Azkenean, Alcorta Forging Group taldeak bakarrik lortu du titulua bereganatzea. Gojko Vucinic-ek entrenatutako senior gizonezkoen taldeak 20-35 irabazi zion Arrasaten jokatutako finalean bertako taldeari, Arrasate Ford Mugarriri. Sanloko senior gizonezkoen bigarren taldeak, Gabaz-ek, ere lortu du bere mailako Kopako finalera iristea. Final bat jokatzen zuten estreinako aldia zen Juanma Lopezen mutilentzat. Titulua eskura izan bazuten ere, Donibane taldeak azken segundoan lortu zuen garaipena eman zion gola. 23-24 izan zen azken emaitza. Era berean, Casa Astigarraga GYS Sport taldeak ere galdu egin zuen Kopako finala, etxean jokatu zuten arren. Josu Landak zuzendutako jubenil nesken taldeak zortzi goleko aldeaz (15-23) galdu zuen Bera-Beraren aurka.
Hortaz, Gipuzkoako Kopan lortutako emaitzei errepasoa eginez, Sanloko bi taldek irabazi dute aurten Kopa (Alcortak eta Laukok), beste bi talde txapeldunorde izan dira (Gabaz eta Casa Astigarraga) eta beste talde bat ere iritsi da finalera: Tecnifuelle. Datorren asteburuan jokatuko dute finala, joan den asteburuan Espainiako eskubaloi txapelketaren azken fasean parte hartu eta gero. Domekan, ekainaren 8an, jokatuko dute Gipuzkoako Kopako finala Bera-Beraren aurka, Olaizaga kiroldegian (11:15)
•Tecnifuelle esku hutsik bueltatu da Kataluniatik
Kadete mailako Espainiako zortzi talderik onenek Espainiako txapelketaren azken fasea jokatu zuten asteburuan Bartzelonako La Roca del Valles herrian, tartean Tecnifuellek. Elgoibartarrek jokatu zituzten lehen bi partidak galdu zituzten, 31-25 Morvedren aurka eta 27-23 Zonzamasen aurka. Hala, aurrera egiteko aukerarik gabe geratu ziren eta etxera bueltatzea erabaki zuten, txapelketa amaitu ez bazen ere. Denboraldi aparta egin ostean, domekan izango dute ginda jartzeko aukera Gipuzkoako Kopako finalean.