Emakumeak kirola egitera animatzeko ekimena abian da

elgoibarren.net 2014ko eka. 4a, 17:07

Elgoibarko Udaleko Kirol Patronatuak eta Berdintasun Sailak, Mintxeta Atletismo Taldearekin batera, emakumeak korrika egitera animatzeko ekimena jarriko dute martxan ekainaren 10etik aurrera. Antolatzaileen esanetan, emakumeen artean kirola egiteko ohitura sustatzea da egitasmo honen helburu nagusia. Kirola eta emakumeekin lotuta, Ainhoa Lendinez kazetari elgoibartarrak bere alde kirolaria izan du hizpide Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.


 14 urte baino gehiago eta osasun egoera egokia duten emakumeek parte hartu ahal izango dute Elgoibarko Udalak emakumeen artean kirola sustatzeko antolatu duen ekimenean. Astean bi saio egingo dituzte, martitzen eta eguenetan. Interesatuek Mintxetako aparkalekuan agertzea besterik ez dute, aipaturiko egunetan, 19:00etarako. Ez da ezer ordaindu beharrik izango. Saioak monitore batek gidatuko ditu, eta hala, hasiberrientzako aukera ona izango da aditu baten gidaritzapean korrika hasteko.

Ainhoa Lendinez, kazetariaren alde kirolaria
  Ainhoa Lendinezek txikitatik bizi izan du kirola oso gertutik. Mendian asko ibilitakoa, bizikletan ere ikaragarri, igerian ere bai, baita eskiatzen ere. Aurten Altitoi mendiko eski lasterketan hartu du parte. Entzun hemen: Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan egin dioten elkarrizketa.