Aiastiako Herri Kirol Taldea omenduko dute Sanmigeldarren egunean

elgoibarren.net 2014ko eka. 6a, 11:09

 
Sanmigeldarren eguna ospatuko dute domekan, ekainaren 8an, Aiastian. Urtero lagun edo talde bat omentzen dute aiastarrek egun honetan, {Jabier Arrizabalaga Belarreta omendu zuten iaz} eta aurten Aiastiako Herri Kirol taldeak jasoko du errekonozimendua. Auzoko jaiekin jarraituz, Urruzunoko jaiak ekainaren 21ean ospatuko dituzte.



Aiastiarrek 11:30ean hasiko dute, domekan, Sanmigeldarren eguna meza nagusiarekin, eta meza ostekoaren ondoren, 12:30ean, auzotarren arteko esku-pilota partida jokatuko dute Murkaikupe frontoian. Ondoren, 14:30ean, herri-bazkaria egingo dute, eta bazkalostean Aiastiako Herri Kirol Taldea omenduko dute. Elustondo anai-arrebek jarriko dute musika.

Urruzunoko jaiak, ekainaren 21ean
 
Urruzunoko bizilagunek hilaren 21ean, zapatua, ospatuko dituzte auzoko jaiak. Auzoan hildakoen omenez meza izango da, 17:30ean, eta ondoren mokadutxoa banatuko dute. Iluntzean afaltzeko batuko dira guztiak auzoko gastronomia elkartean. Auzokoentzako ez ezik kanpotik joaten direnentzako ere egingo dute lekua soziedadean, antolatzaileek jakinarazi dutenez.