Maria Jesus Elorza elgoibartarra atxilotu du Espainiako Poliziak, ETAko kidea izatea leporatuta

elgoibarren.net 2014ko eka. 9a, 07:46

 
Maria Jesus Elorza "Karakate" (Elgoibar, 1948) atxilotu zuen, atzo (ekainak 8), Espainiako Poliziak Madrilgo Aireportuan. ETAko kidea dela esan du Barne Ministerioak. Poliziaren arabera, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ETAko kide izan zen; polizien aurkako hainbat atentatutan parte hartzea leporatu diote.

 
 
 Espainiako Barne Ministerioak berri eman duenez, "Donosti" komandoan parte hartu zuen Maria Jesus Elorza Zubizarretak laurogeiko hamarkadan. Komando horri leporatzen zaio Estatuko segurtasun indarretako zenbait kideren hilketa.
 Elorzak Frantziara egin zuen ihes 1984an, komandoa deuseztatzean, eta ETAren arlo logistikoan sartu zen. 1996an Venezuelara joan zen eta ezkutuan bizi izan da Elorza Hego Amerikako herrialdean, atzo goizera arte. Venezuelatik Espainiara iristean atzeman zuen Espainiako Poliziak Adolfo Suarez Madrid-Barajas aireportuan. Izan ere, 2006ko abendutik, Frantziako Justiziak igorritako Atxiloketa eta Entrega Ordena europarrak Elorza atxilotzeko agindua zeukan, terrorismoagatik. Frantziako justiziak hiru urteko kartzela zigorra bete behar duela dio.