Gizarteratze mahaia 2013. urte amaieran hasi zen lanean, Elgoibarko Udaleko Pertsonen Batzordea aho batez sortzea onartu eta gero. Lehenengo hilabeteotan, Mahaiaren lana honakoa izan da: mahaia bera osatzen duten eragileak elkar ezagutzea, eta euren jarduna elkarri ezagutaraztea; bazterketa soziala eta gizarteratzea gaiei buruzko trebakuntza ematea, eta, azkenik, Elgoibarko bazterketa sozialaren errealitateari buruzko diagnostiko partekatua egiten hastea. Behin diagnostiko hori eginda dagoenean, hurrengo urratsak zein izango diren zerrendatu dituzte: Mahaiko eragileek egindako lana optimizatzea, bikoiztasunak eta izan daitezkeen artatu gabeko kolektibo edo esparruak saihesteko; zein jarduera zehatz garatu ditzaketen elkarrekin identifikatzea, eta, amaitzeko, lanerako dinamika eta tresna kooperatiboa sortzea.
Egun, erakunde hauexek osatzen dute mahaia, baina ateak zabalik daude: Udaleko Ongizate Saila, Enplegu eta Berdintasun Saila, Lanbide, Prekaritatearen aurkako taldea, Stop Kaleratzeak, Caritas, Gurutze Gorria, Nagusilan, Gazte Asanblada, Kalamua Guraso Elkartea eta Zabaltzen-Sartu elkartea.