Eguraldia lagun, parrokiako arkupeetan batu dira gaur 2 eta 8 urte bitarteko 243 neska-mutil. Atxutxiamaikako begiraleekin batera kantuan eta dantzan hasi dute eguna, eta halaxe egingo dute datozen egunetan ere. Azken urteetan bezala, bi txanda izango dituzte Atxutxiamaikaren Udako Txokoek. Lehenengoa ekainaren 23tik uztailaren 11ra arte izango da, eta uztailaren 14tik 24ra arte bigarrena.
Azken urteetan bezala, ez dira faltako egun bereziak: San Fermin Txiki Eguna, Txikien Txiki Eguna... Musikarien, erraldoien, buruhandien eta beste hainbat pertsonairen bisita ere izango dute txokoetan diharduten gaztetxoek.
Atxutxiamaikako arduraduna den Naiara Martinen berbetan, Udako Txokoen helburua, gure txikiei kalitatezko aisialdi eskaintza euskalduna ematea da. Gainera, beste hainbat balore lantzen dira jolasen bidez: hezkidetza, ingurugiroarekiko errespetua, sormena...
Elgoibarko txoko desberdinak ezagutzeari ere garrantzia ematen dio Atxutxiamaikak. "Ume batzuek ez dituzte kale edota auzoak ezagutzen. Aurreko urtean Karakoletik pasatu ginen eta batek baino gehiagok esan zigun bertatik pasatzen zen lehen aldia zela" dio Martinek.
Azken urteetan kalean ikusi ditugu maiz. Umeek jolasteko espazio naturala kalea bera dela dio Naiarak. "Umeentzako espazioak; parkeak adibidez, helduok eraikitzen ditugu, beraz, sormena lantzeko ez dira gune egokiak, aldiz, zelaietan nahiz espazio hutsetan umeek jolas sinbolikoan aritzeko gaitasun handiagoa erakusten dute".