Elgoibarko Udalak gazteen aisiari buruzko diagnosia egiten dihardu 2013az geroztik. Horren baitan, ikastetxeetan aisiako ohituren inguruko galdeketa bat eta Gaztemapping egitasmoa egin zituen. Orain, diagnosia osatzeko, telefonoz, galdeketa egiteko asmoa dute, gazteen iritzia jasotzeko helburuarekin. Gaztetxea eta gazte lokalen inguruko 40 galderako inkesta izango da.
•400 gazteri galdeketa
Hamasei eta hogeita bederatzi urte bitarteko 1.450 lagun daude erroldatuta Elgoibarren, eta kopuru horren herenari, 400 gazteri, egingo diete galdeketa. Udalak galdeketan parte hartzera dei egin die gazteei. Hala, datozen egunetan etxean telefono dei bat jasotzen badute, galdeketa egitera animatu nahi dituzte. Anonimoa izango da. Datorren astetik aurrera hasiko dira deiak egiten.
•Araudiaren aterkipean
Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak azaldu ditu inkesta egiteko arrazoiak. "Gazteen lokalen gaiarekin araudi bat egitea lortu genuen guztion artean. Denok babesten gaituen aterkia da eta Gaztetxearekin ere berdin egin beharko genukeela uste dugu. Alegia, erantzukizunak dituzten guztiek araudi baten menpe egon beharko lukete”. Hori ez dela egungo egoeran ematen uste du Etxeberriak. “Udalak utzita dauka Gaztetxea dagoen lokala, baina alta eman gabe dagoen talde bati. Egoera hori normalizatzeko badugu planteamendu bat: Gaztetxea Udalak kudeatutako azpiegitura bat gehiago izan dadila, Ludoteka edo Gaztelekuaren antzera, baina erabilera gazteen esku egongo da, eurei dagokie erabilpena zehaztea". Hartu beharreko erabakietan "zuzen" jokatu ahal izateko informazioa jaso nahi dutela dio Etxeberriak, eta horixe da inkesta egitearen helburua. "Ez daukagu intentzio txarrik, Gaztetxea sendotzea da gure nahia", zehaztu du. Gai honen inguruan Gazte Asanbladakoekin bilerak egin dituztela jakinarazi du alkateak.
∞Lotura duten albisteak: