Korsikakoa Europako ligako bost eguneko proba da, eta hainbat herrialdetako kideek hartzen dute parte: Korsika, AEB, Sardinia, Errusia, Belgika, Herbehereak, Frantzia... Eta Euskal Herritik joandako talde bakarra Imanol Garaizabal eta bere lagunek osatutakoa izan zen.
Raidak kirol modalitate desberdinak batzen ditu, eta orientatzen jakitea ere ezinbestekoa da horrelako probetan. Kasu honetan, 222 km egin zituzten bizikletan, 143 oinez eta beste 65 kayakean. 432 kilometro egin zituzten bost egunean eta 61 ordu inguru behar izan zuten lasterketa amaitzeko, eta guztira, 15.000 bat metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten.
Imanolen eta bere taldekideen hasierako helburua proba amaitzea zen, baina lasterketa hasi eta pixkanaka euren lekua hartzen joan ziren, eta ia amaierara arte irabazleekin lehian ibili ziren. Hemendik aurrera, Euskal Herrian jokatzen den Columbia Raid Series zirkuituko lasterketetan parte hartzen jarraituko dute, eta, udan, Ondarroan lehenengoz egingo den raidean ere izango dira. Europako Mendietara ere joan nahi dute, 24 orduko proba bat egitera.