Josu Mujikak adierazi duenez, urte eta erdi eman du Laboaren musika entzuten, "probatzen", eta horren ondoren "hari musikal" bat prestatu du koreografia osatzeko. Iñaki Salvador, urteetan Laboaren kolaboratzaile estua izan zena, aholkulari lanetan aritu da, eta zuzendaritza artistikoaz, berriz, Adriana Pous arduratu da.
Uztailaren 11 eta 12an Isuntzako hondartzan estreinatuko dute 'Itsaslaboa: txoriak, zoroen itsasoa' ikuskizuna.
Ez da hau Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiak eta Dantzaz konpainiak elkarrekin lan egiten duten aurreneko aldia. Hain zuzen, 2011n, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako lan bat estreinatu zuten: Naufragoak / Sarritsasoa. Josu Mujikak sortutako koreografiarekin, beste behin ere. Lan hark arrakasta handia izan zuen, eta orduz geroztik Euskal Herrian nahiz kanpoan eman dute. Elgoibarren ere iritsi zen. Kalegoen plazan eskaini zuten Mujikak sortutako Naufragoak ikuskizuna, iaz, San Bartolome bezperan. (iturria: berria)
•Bideoa (eitb.com)