Podiumetik gertu geratu da Maite Maiora kilometro bertikalen munduko txapelketan zein mendiko maratoien munduko txapelketan. Bosgarren postua eskuratu du lehenengoan eta seigarrena bigarrengoan. Alabaina, antzerako postuak izanagatik, sentsazio gozoak laga dizkio postu batek eta gaziak besteak. “Pozik geratu naiz ostiralean kilometro bertikalen txapelketan lortutako bosgarren postuarekin. Garaipen bat moduan hartu nuen postu hori.” Aldiz, mendiko maratoian egindako lanarekin ez dago gustura. “Postua ez da txarra, baina niretzako egun oso txarra izan da”. Hotzak jota aritu zen Maiora lasterketa guztian eta helmugara ere ozta ozta iritsi zela aitortu du Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioan eginiko adierazpenetan. “Eskerrak helmugan bikotea nuen zain, hari esker ez naiz eta lurrera erori. Gurutze Gorrira joan gara zuzenean eta suero beroa sartu didate”. Eguraldi hotzak mesede egin ez dion moduan, ibilbidea ere ez zen bere ezaugarrietarako egokiena. "Lehen hamazazpi kilometroetan apenas igoko genituen 200 metro, eta asfalto gainean gainera. Niri aldapa eta gogortasun handiagoa komeni zait”. Elisa Descok irabazi zuen mendiko maratoien munduko txapelketa, Zegama Aizkorriko maratoian Maite Maioraren aurretik, bigarren postuan, sailkatu zen antxitxikari italiarrak, hain zuzen ere (maratoiko sailkapena). Kilometro bertikalen munduko txapelketan, bestalde, Laura Orgue izan zen azkarrena (41:29). Maiorak 43 minutu eta 31 segundoan egin zuen igoera. (Kilometro bertikaleko sailkapena)
Iñigo Larizek gogo handiak zituen kilometro bertikalen munduko txapelketan lehiatzeko, azken orduan jaso zuen-eta gonbidapena, Espainiako selekzioko arduradunak hautatuen zerrendatik kanpo laga eta gero. Gogoak gogo, ez zitzaion lasterketa ona atera eta sasoi betean joan bazen ere, uste zuena baino atzerago sailkatu zen, 26. postuan (39:07), Kilian Jornet irabazlearengandik lau minutu eta 49 segundora, hain justu ere. Kilian Jornet berak irabazi zuen gero, domekan, mendiko maratoien munduko txapelketa.
*Argazkiak: iancorless.com eta fotoiosu.